Beranduegi askatu dute Jose Angel Otxoa de Eribe euskal preso politikoa. Pozten gara hartutako erabakiagatik, baina ozen esan behar dugu Estatuak anker baino ankerrago jokatu duela Otxoa de Eriberekin. gaixotasun larri eta sendaezina duten 21 presoen zerrendako bat baita.
Horrekin batera, Otxoa de Eribe aske uzteko tramite eta gestioak ikaragarri zailak eta oztopoz josiak izan direla salatzen du SORTUk.
Presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko deia egiten dugu, eta bereziki gaixorik larri daudenen alde jarduteko, mendekuan oinarritutako ankerkeria honek berehala amaitu behar baitu. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak premiaz askatu beharko lituzkete, esate baterako, Txus Martin, Kepa Arronategi eta Ibon Fernandez de Iradi. 2019 honetan Juan Mari Maizkurrena eta Oier Gomez hil dira, kartzelak haien gaitza nabarmen areagotu ondoren.
Azken urteetan euskal preso politikoen kopurua murriztu egin bada ere, nabarmen hazi da gaixotasunen bat dutenen kopurua. Gaixorik den edozein pertsonak behar ditu arreta berezitua eta ingurune egokia, sendagaiez gain, are gehiago gaixotasuna larria edo sendaezina denean.
Presoekiko politika aldatu ezean, preso guztiak heriotzera kondenatuko dituzte. Aski da! Ez dago aitzakiarik: gatazkaren ondorioei heldu behar diegu; preso politikoen egoerak berehalako erantzuna behar du.