Sortuk Azora funts putrearen Bilbo erdiguneko hostel bat seinalatuz bukatu du etxebizitza larrialdia salatzeko hiru eguneko ekintza aktibista -helburuak beteta, aktibistak atera dira Donostiako bi etxebizitzetatik -. Plaza Zirkularreko Latropue Hostel funts putre horrek Europan irekitako lehenengo hostaletako bat da. Karlos Monteagudo Sortuko Nazio Kontseiluko kideak honako hau adierazi du: “Funts putreek espekulazio basatian oinarritzen dute euren jarduera, krisian dauden sektoreetan merke erosi, eta birbaloratu ondoren, garestiago salduz. Gure hiriekin espekulatzen ari dira, eta kasu honetan, gure oinarrizko eskubide batekin: etxebizitza eskubidearekin”.
Eraikinaren aurrealdean ‘Espekulazioa gelditu!’ zioen pankarta erraldoi bat eskegi dute aktibistek. Beste zenbaitek hostalaren aurrealdean elkarretaratzea egin dute, eta inguruan zebiltzan herritarrei esku-orriak banatu dizkiete, Bilboko etxebizitza larrialdiaren berri emanez. “Bilbotarrok etxebizitza bat ordaintzeko gero eta zailtasun gehiago ditugu. Bizkaiko herritarrok gure soldaten % 50 bideratu behar dugu alokairua ordaintzera; 2023an ia % 5 igo da". Bitartean, funts putreak Bilbon eta Bizkaian ere negozioak egiten ari direla salatu du: “Bilbon ere negozio borobilak ditu Azorak: Anboto Dorrea, Termibus edo Zorrotzaurren”.
Funts putreen jardunaz gain, banketxeen irabazi neurrigabeak ere deitoratu dituzte. “Azken urteotan, hipoteken kuota izugarri handitu da; bankuek, berriz, irabazi historikoak, erabat neurrigabeak, lotsa barik ospatzen dituzte”, adierazi du Monteagudok. Egoera guztia kontuan izanik, erantzuleak markatu ditu: “Hau ez da bakarrik merkatuaren legea. Egoera honek erantzuleak ditu. EAJ eta PSEren etxebizitza politikaren ondorio bat da. Etxebizitza eskubidea bada, ezin da merkatu libre erabat deserregularizatu baten mende egon”. Urgentziazko neurriak exijitu ditu, besteak beste, Bilbo eta bere ingurua tentsio handiko eremu izendatzea.
Astelehenean, otsailak 5, ekin zioten Sortuko hainbat kidek etxebizitza larrialdia salatzeko ekintza aktibistari. Bideo bidez iragarri zuten jabe handien Donostiako bi etxebizitza banatan zeudela, eta erreserba epea igarota, han jarraituko zutela. Ordutik, askotariko ekintzak egin dituzte Gipuzkoako hiriburuan: eraikinen seinalatzeak, zuzeneko solasaldia, elkarretaratzeak, manifestazioa... Herrietan ere izan dira propaganda eta seinalatze ekintzak.
Modu horretan, Euskal Herrian etxebizitzarekin dugun arazoa mahai gaineratu du Sortuk. Etxebizitza eskubidea da berez, baina espekulaziorako eta negoziorako erabiltzen dute funts putreek, jabe handiek, higiezinek eta banketxeek. Eta hori erabaki politiko batzuen ondorio da; legeek ahalbidetzen dituzten tresnak erabili beharrean, esku ez hartzeko jarrera aktiboa izan baitute agintariek. Egunotan nabarmendu den lez, jabe handi horien mesederako aplikatzen dira arauak batzuetan; bestetan, ez ikusiarena egiten dute.
Arazoa egiturazkoa da, eta beraz, konponbideak ere hala izan behar du. Batetik, urgentziazko neurriak hartu behar dira: merkatuan esku hartu, eta legeek ematen dituzten aukerak muturreraino eraman; tentsio handiko eremuak izendatu eta alokairuan prezioak mugatu; etxe hutsak alokairura bideratzeko neurriak hartu; etxebizitza turistikoen kontrola ezarri; alokairuzko etxebizitza publikoaren aldeko apustua egin.
Bestetik, epe ertaineko neurriak ere ezinbestekoak dira: etxebizitza parke publikoa biderkatu behar da, horrek baldintza baitezake merkatuko prezioa. Etxebizitza eskubidea bermatzeko alokairuaren kultura ere sustatu behar da. Eta, harago joanda, burujabetza osoa behar da. EAEko eta Nafarroa Garaiko Legeek, eta Herri Elkargoaren eskumenek bide bat eskaintzen dute hasteko. Baina eskumen guztiak behar ditugu etxebizitza politika burujabe eta bidezko bat egiteko.