ALBISTEA


nazioartea/eskala politikoa

Frantziako hauteskundeetako emaitza historikoekin itxi du ziklo elektoral arrakastatsua ezker independentismoak

2024-07-09

Frantziako Asanblada Nazionalerako hauteskundeek emaitza historikoak utzi dituzte: Ipar Euskal Herriaren ahotsa Parisera eramango dute hiru diputatu ezkertiarrek; haietako bat EH Baiko Peio Dufau diputatu abertzalea izango da.

EH Baik sinesgarritasuna irabazi, lehiaren erdian kokatu eta eztabaidan zentralitatea hartu du, Euskal Herriaren logika propioa agerian jarriz.

Uztailaren 7an izan da Frantziako Asanblada Nazionalerako hauteskundeen bigarren itzulia, eta emaitza historikoa izan da: Ipar Euskal Herriaren ahotsa Parisera eramango duten hiru diputatu ezkertiar izan dira hautatuak, eta haien artean diputatu abertzale bat ere izango da lehenengoz Parisen, EH Baiko Peio Dufau diputatua hautatu baitute 6. hautesbarrutian.
Modu horretan, azken urteetako aurrerapenei segida eman, eta ezkerreko abertzaletasunak beste jauzi bat egin du bere ibilbidean. Hala, Ipar Euskal Herrian ezinbestekoak diren gaiak eta erronkak (bilakaera instituzionala, euskara, lurra eta etxebizitza, laborantza herrikoia, bake prozesua…) Parisen defendatzeko aukera abian da, eta herritar guztien eskubideak, ongizatea eta justizia soziala defendatzeko urrats handia egin da.

Azken hilabeteotan eskuin muturrak Ipar Euskal Herrian azkartze kezkagarria izan arren, hauteskundeotan harresia ezarri zaio. Egun gutxitan lorturiko indar harreman berriak bi itzulitan harresia ezartzea ahalbidetu du, eta beraz, Fronte Herritar berriaren eskaintza eraginkorra izan da. Frantziako Estatuan ere hala izan da: eskuin muturra boterera iristeko arriskuaren aurrean, Fronte Herritar berriak lortu du indarrak biltzea eta RN-i aurre egitea.

EH Baik sinesgarritasuna irabazi, lehiaren erdian kokatu eta eztabaidan zentralitatea hartu du, Euskal Herriaren logika propioa agerian jarriz. Europako Parlamenturako hauteskundeetan eskuin muturrak irabazi izana larrialdi egoera gisa irakurri zuen. Egoera arduraz aztertu, eta barne prozedurei zein negoziazioei ekin zien. Hala, Biltzar Nagusia egin zuen ekainaren 13an, eta ehundik gora militantek %95tik gorako babesarekin erabaki zuten Fronte Herritar berrian aurkeztea. Negoziazioetan, besteak beste, EH Baiko kideak zerrendetan joatea, eta Ipar Euskal Herriko gaiek tokia izatea erdietsi zuen.

Hauteskunde ziklo arrakastatsua
Aldaketa politikoa egonkortzen ari da Euskal Herriaren luze-zabalean, eta hauteskundeetako emaitzak horren erakusgarri dira.

Urtebete pasatxoko hauteskunde zikloa amaitu berri da, eta ezker independentismoak aurrerapauso nabarmenak eman ditu Euskal Herri osoan. Horrek frogatzen dute ezker independentismoaren gorakada eta herritarrak beragan jarritako konfiantza eta ardura. Aldaketa politikoa egonkortzen ari da Euskal Herriaren luze-zabalean, eta hauteskundeetako emaitzak horren erakusgarri dira. Horrek, etorkizunari eta bertan topatuko ditugun erronkei beste aldarte batekin aurre egiteko baldintzak ere badakartza.

Guztiarekin, ezker independentismoaren proiektu askatzaileak baldintza politiko eta sozial objektibo hobeak ditu egun. Orain, anbizioz bezainbeste arduraz, ziklo aldaketa norabide egokian kokatzeko garaia da, herritarren beharren aldekoa izan dadin, eta gure herriaren aitortzan eta burujabetzan aurrera egin dezagun. Eta horretarako ezinbestekoa izango da independentziarako indarra biderkatzen jarraitzea.