ALBISTEA


sortu

Frankismotik ondo lotuta dirauen korapiloa askatzeko unea orain da

2025-09-27

Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela mende erdia bete denean, Euskal Herria askatzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa ospatu eta berretsi dute milaka lagunek Anaitasunan, pabiloia gainezka.

“Espainiako gobernuak —Estatua beste gauza bat da— aukera berri bat du, historikoa esango nuke, Espainiako arazoari irtenbide demokratiko bat emateko. Eta bai, ondo diot: Espainiako arazoa".

Euskal Herriaren askatasunaren alde egunero-egunero lanean ari diren milaka lagunek Iruñeko Anaitasuna pabiloia lehertu dute gaur, ‘Askatzera lotuak’ Sorturen nazio ekitaldian. Egun seinalatuan bete ere: gaur, irailak 27, 50 urte dira frankismoaren agindupean Txiki eta Otaegi gazte abertzale eta antifrankistak fusilatu zituztela, baita FRAPeko hiru kide ere. Euskal Herriaren memoriaren parte dira nola Txiki eta Otaegi, hala haien belaunaldiaren izaera ameslaria eta askatasun grina ere. Orduko haiek gogoan, aurrera begira jarri dira Iruñean bildutako hainbat belaunalditako lagunak: Euskal Herriaren independentziara bidean, dei egin dute lanean jarraitzera, herria eraikitzeko eta “ondo lotuta” utzi nahi izan zuten hura askatzeko.

Franco eta Juan Carlos I.a elkarrekin ageri diren nodoak pantailan; jende andana Anaitasunara sartzen. Hala abiatu da ekitaldia, ikurrina erraldoi bat oholtzako zutabeetako batean eskegita. Han ez ezik, publikoan ere ikurrina eta nafar bandera ugari, baita palestinarrak ere. Xabier Amurizak frankismoaren aurka altxatu zen herriari abestean lehertu da giroa. Kristiane Etxaluzek hartu dio lekukoa, eta mende erdia atzera egin du: Ipar Euskal Herriko garaiko giroa eta abertzaletasuna, heriotza zigorren aurkako nazioarteko mobilizazioak, Paristik Hendaiara egindako emakumeen martxa... izan ditu akorduan.

“Txiki eta Otaegi fusilatuta, herri honen askatasun egarria itotzen saiatu ziren; baina ez zuten lortu”, adierazi du Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak hitzartze politikoan. Esan du borrokalari antifaxistak zirela, eta Europako beste edozein herritan omenaldi instituzionala jasoko luketela, hemen ez bezala. Halaber, oroitu du Espainiako Trantsizio Demokratikoa deiturikoa “transakzio” hutsa izan zela: “Ez zen apurketa demokratikorik izan. Bezperako frankistak biharamuneko ‘betiko demokratak’ bilakatu ziren”.

Eta iritsi da 1975eko irailaren 27 hura oholtzara ere. Martxel Rodriguez dantzariak Txiki eta Otaegiren fusilamenduak ekarri ditu gogora, tobera, txistu eta ttun-ttun doinuz lagunduta. Sahatsa Jauregik ekitaldirako sortutako metalezko eskultura beltzean dir-dir egin dute metalezko biribilek, bala zuloak bailiran. Fusilamendu haiek espetxean bizi izan zituen Itziar Aizpuruak; atriletik kontatu du bizitako min hura, fusilamenduek ez ezik, trantsizioaren iruzurrak ere eragindakoa. Haatik, bizimina ere izan du mintzagai, eta esan du Euskal Herria borrokari esker dagoela bizirik.

Euskal Herria bizirik iritsi da gaurdaino. Haatik, duela 50 urte aukera handi bat galdu zen, Rodriguezen hitzetan: “Herriek gure autodeterminazio eskubidea lortzeko aukera galdu genuen”. Eta erronka bera da egun ere: “78ko Erregimena gainditu, eta Euskal Herriaren askatasuna eta burujabetza erdiestea”. Haren arabera, ez dago espainiar estatuaren demokratizazio sakona egiterik, Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea aitortu eta errespetatu gabe. “Espainiako gobernuak —Estatua beste gauza bat da— aukera berri bat du, historikoa esango nuke, Espainiako arazoari irtenbide demokratiko bat emateko. Eta bai, ondo diot: Espainiako arazoa".

Belaunaldiz belaunaldi luzatu da borrokaren haria, eta horrek ere izan du tokia ekitaldian: Jurgi Ekizak Mikel Laboaren 'Gaztetasuna eta Zahartasuna' kantua abestu ondoren, Irantzu Idoate eta Sustrai Colina bertsolariek bi belaunaldi jarri dituzte elkarrizketan. Historiaren transmisioa, belaunaldien arteko korapilo eta loturak... aletu dituzte, eta aldarri bat egin: belaunaldien arteko elkarlana behar da, herri gisa pentsatu eta aritzeko. Jarraian, Garazi Esnaolak eta Maddi Ane Txoperenak gaztetasuna hartu dute kantu eta kontagai, Lurdes Iriondoren abestietatik tiraka.

Belaunaldiak eta jatorriak, guztiak txirikordatu ditu ezker abertzaleak. Eta horren isla dira Txiki eta Otaegi: Azpeitiko Nuarbe auzoan sortu zen lehena, eta Extremaduran jaioa, berriz, bigarrena. Biak batu zituen proiektu eta bandera berak. “Ezker abertzaleak asmatu zuen orduan, eta gaur, berriro ere, aldarrikatzen dugu: euskal herritarra da Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro”. Horrek ez ezik, txanpon beraren bi aldeen metaforak ere -borroka nazionala eta soziala- gaurkotasun osoa duela azpimarratu du: “Burujabetza behar dugu parean ditugun erronka kolosalei herri gisa aurre egiteko, gehiengo sozialen eta langileen zerbitzurako errepublika bat eraikitzeko”.

Herri susperraldi bat
“Burujabetza behar dugu parean ditugun erronka kolosalei herri gisa aurre egiteko, gehiengo sozialen eta langileen zerbitzurako errepublika bat eraikitzeko”.

Lur Albizu Sorturen Nafarroa Garaiko arduradun politikoak askapen mugimenduaren historiaren errepasoa egin du, orbainak oroituz eta euskal geografiako kartografian barrena bidaiatuz. Hura oholtzatik jaistean, pabiloia alderik alde zeharkatu du kaxarrankak, Mattin Etxebeste gainean dantzan, hari laukotearen soinuek gidatuta. Eta kutxa barruko sokekin askatzera idatzi dute Jauregiren obran hiru lagunek, Kattalin Minerrek ekitaldiaren leloari tiraka ondutako testua irakurri bitartean. Francoren esaldi famatuari esanahia irauli, eta soken loturak eta militantziak duen indarraz aritu da: eustekoaz, elkarrengana lotzekoaz, formaz egokitzekoaz...

Konpromisoa, elkarlana, konfiantza. Horiek dira loturen ezinbesteko osagaiak. Eta horiei esker, besteak beste, askapen prozesua une gako batean dela adierazi du Rodriguezek. "Gure burujabetze prozesuan urrats bat egitea da une honetako aukera eta erronka handiena. Aitzitik, arriskuak eta mehatxuak ere badira, eta ez edonolakoak, gainera. Nagusiki bat: munduaren luze zabalean gertatzen ari den bezalaxe, bai Espainiako estatuan bai Frantziako Estatuan bloke erreakzionarioa gobernura iristea eta agenda autoritario eta neofaxista bat martxan jartzea hiru aukera handirekin". Batean zein bestean, eskala handiko susperraldi nazional berri bat behar dela adierazu du. Eta horretarako, askapen prozesuari bultzada berri bat ematera dei egin du.

Ekizak 'Ilegala' abestia jo ostean, Rodriguezen hitzartze politikoarekin amaitu da ekitaldia. Anaitasuna osoa zutik, 'Eusko Gudariak' elkarrekin abestuz. 50 urte geroago, gertatutako haiek gogoan, Euskal Herria askatzera lotutako hainbat belaunalditako milaka lagunek herri gogoa ospatzen eta hauspotzen jarraituko dutela zin egin dute, korapiloak behingoz askatzeko. Hori baita borroka: mundua irabazteko Euskal Herria irabaztea.