SORTUk Bake Akordioak eta bake prozesua defendatu ditu eta egun ere defendatzen ditu, bi aldeek sinatu zituztenak eta NBEko Segurtasun Kontseiluak babestutakoak.
Aldiz, akordioak sinatu zirenetik gure kezka azaldu dugu behin eta berriro. Bakea eraikitzea ez da erraza eta honen aurkakoek sinatutako akordioei eginiko oker eta ez betetzeak, hala nola gerrillari ohien eta aktibista sozial zein politikoen erailketek ez diote mesederik egin Kolonbian bakea egonkortzeari. ELNrekin irekita zegoen prozesua ere usteltzen utzia dago. Egungo gobernua da egoera horren erantzulea.
Egoera larria izanda ere, gure iritziz ez dago bake prozesuari segida ematea beste alternatibarik. SORTUk Rodrigo Londoño FARCeko buruzagiak esandakoarekin bat egiten du: “oztopo eta zailtasunak egon arren bakearena da bide egokia”. Kolonbiarren gehiengoak bake justua eta justizia soziala nahi ditu. Hori, bide politiko eta demokratikoetatik lan egin eta bere defentsa egingo duten gehiengo sozialak eta politikoak artikulatuz lor daiteke.
Azkenik, nazioarteko komunitateak babestu egin behar du kolonbiarren bake eta justizia sozialerako nahia. Zentzu horretan, une zail hauetan nazioartetik Kolonbiako bakearen aldeko esfortzua berrindartu behar da. SORTU prest dago bide horretan bere alea jartzeko.