Maiatzaren 28ko udal, foru eta nafar parlamenturako hauteskundeak historikoak izan dira ezker independentismoarentzat: Hego Euskal Herriko udal hauteskundeetan lehen indarra izan da aurrenekoz EH Bildu. 370.000 boto inguru eskuratuta, inoizko babesik handiena jaso du, eta hautetsi kopuruan ere gorakada handia izan du, 1.400era iritsiz, duela lau urtetik 100 igota.
Foru hauteskundeetan, berriz, EAJrengandik 5.000 botora gelditu da (Geroa Bai kontuan hartu gabe), eta EAEn EAJrekiko aldea 60.000 botora murriztu du. Nafarroa Garaiko emaitzak ere nabarmentzekoak dira, EH Bilduk Geroa Bai gainditu baitu parlamenturako hauteskundeetan.
Aurreikuspenak onak baziren ere, horiek gainditu dira maiatzaren 28ko hitzorduan. Gainera, hazkundea homogeneoa izan da, eta hiriguneetan egindako jauzia ere nabarmendu behar da (orain arte, zailtasunak izan baititugu inguru horietan hazteko). Horrek sektore zabaletara iristeko gaitasuna dugula frogatu du.
Emaitza horiek gure estrategia indartzen dute, eta goberna dezakegunaren ideia gero eta hedatuagoa dago. Halaber, EAJ garaiezin eta kudeatzaile onaren mitoan arrakalak sortu dira. Zentzu horretan, ziklo aldaketaren narratiba ere badakarte emaitzek, eta EH Bildu egungo ereduaren alternatiba bakar gisa indartu da. Eta, zenbaitzuk kanpaina lokaztu nahi izan badute ere, horrek ez die aldeko emaitzarik eman; EH Bilduk jendeari hitz egin dio, proiektuaz, etorkizunaz, beharrizanez... Hori izan da gure indargunerik nagusiena.
Euskal Herrian aldeko haizea izan bada ere, aurkakoa gertatu da Espainiako eta Kataluniako hauteskundeetan. Lehenengoan, PP nagusitu da, PSOEk boterea galduz hala hola eutsi die hauteskundeei eta Podemosek emaitza kaxkarrak izan ditu. Bigarrenean, berriz, independentismoak jaitsiera nabarmena izan du.
Testuinguru horretan deitu ditu Pedro Sanchezek Espainiako Hauteskunde Orokorrak uztailaren 23rako. Horrek, jakina, Udalen, Foru Aldundien eta Nafarroako Gobernuaren osaeran eragina izango du, besteren artean, Nafarroako Gobernuarenean. EH Bilduk iniziatibaz ekin dio lehen indarra izan den tokietan, gobernu gehiengo zabalak osatzeko borondatea adieraziz; aldiz, PNVk eta PSEk albait azkarren itxi nahi dute edozein aukera, aldaketarik ez dagoela irudikatzeko.
Nolanahi ere, ezin dugu ahaztu indartzen ari garela, eta gure apustu estrategikoari eutsi behar diogu. Norabide horretan, uztaileko hauteskundeak Euskal Herrian irabaztera goaz, eta aukerak ditugu. Independentziarako indarra biltzen jarraituko dugu, gure eragiteko ahalmena indartzeko helburuz. Horretarako, Euskal Herrian boto erabilgarria EH Bilduren aldekoa dela adierazi behar dugu, eta azken asteotan lortu den aktibazioarekin eta ilusioarekin jarraitu.