ALBISTEA


gora herria

Ezin izan zuten! Ezin izango dute!

2020-12-28

Gaur bezalako egun batean, orain dela 50 urte, tribunal militar frankista batek 16 euskal independentistaren aurkako epaia plazaratu zuen. Heriotza-zigorrak eta ehunka kartzela-zigor urte ezarri zituen, askatasuna eta bere etorkizunaren jabe izan nahi zuen herriari eskarmentua emateko gaztigu gisa.

Estatuak jarraitzen du indarkeria eta salbuespeneko tribunalak erabiltzen nazioen askatasun grina apaltzeko.

Lezio historiko hartatik ezer ikasi ez balu bezala, Estatuak jarraitzen du indarkeria eta salbuespeneko tribunalak erabiltzen nazioen askatasun grina apaltzeko. Galiziarrek, kataluniarrek eta euskal herritarrok jarraitzen dugu epaile espainiarren aurretik pasatzen. Auzitegi Nazionala, Auzitegi Gorena eta Konstituzio Auzitegia, Tribunal de Orden Publico frankista haren oinordeko gisa, tresna antidemokratikoak dira, Espainiaren batasun banaezinaren zerbitzura beti ere. Abangoardia dira autodeterminazio eskubidearen aurka eta klase herrikoien interesak lehenetsiko duen edozein eredu sozialen aurka. Dena gelditu baitzen lotua, eta ondo lotua.

Gaur, Burgosko Auzia eta 50 urtera, Galizia eta Kataluniako independentisten aurkako epaiketen eta sententzien hilabete gutxira, Bateragune auzia ankerkeriaz berriz ireki eta egun gutxira, Auzitegi Nazionalaren aurrean eta Burgosko Gobernu Militarraren aurrean, “Ezin izan zuten, ezin izango dute” aldarrikatu dugu, argi eta ozen. Ezker abertzaleak nazio- eta gizarte-askapen prozesuan aurrera egiteko konpromiso osoz segitzen du, kemen eta konbentzimendu handiagoz. Era berean, adierazten dugu, argi eta garbi adierazi ere, gainerako nazioekin batera independentziaren eta demokraziaren alde borrokan jarraituko dugula, harik eta 78 Erregimena bota arte.

Gora Euskal Herria askatuta! Viva Galiza ceive! Visca Catalunya Lliure!