demokrazia eta erabakitzeko eskubidea
Ez gaituzte geldituko
2020-10-28
16 lagun Espainiako Poliziaren egoitzatik pasa dira gaur goizean, urriaren 12an espainiar erresumaren nagusikeria salatzeko Iruñean egindako ekintza sinbolikoagatik.
SORTUren aburuz, 78ko Erregimenak abiatu berri duen diligentzia hau adierazpen- eta mobilizazio-askatasunaren aurkako erasoa baino ez da, eta egun horretan salatu genuen nagusikeria eta joera errepresiboa berretsi baino ez ditu egiten
16 lagun Espainiako Poliziaren egoitzatik pasa dira gaur goizean, urriaren 12an espainiar erresumaren nagusikeria salatzeko Iruñean egindako ekintza sinbolikoagatik. Kristobal Kolonen eta Espainiako Erregearen eskultura bana paratu eta sokaz bota zituzten aktibistek egun hartan. Mujeres del Maíz nikaraguarren elkarteko, Africa United elkarteko, Compartiendo Raíces ekuatoriar jatorriko dantza taldeko, Munata boliviarren komunitatearen kultur elkarteko eta SORTUko kideen artean gauzatutako elkarlana izan zen.
Erregimenari, baina, ez zitzaion ekimena batere gustatu eta oso bestelako lankidetza abiarazi dute parte hartzaileak kriminalizatzeko eta beldurra eragiteko: Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren arteko lankidetza. 16 lagunek komisaldegian deklaratzeko deia jaso ondoren, guztiak pasa dira goiz honetan Chinchilla kaleko Espainiako Poliziaren egoitzatik.
SORTUren aburuz, 78ko Erregimenak abiatu berri duen diligentzia hau adierazpen- eta mobilizazio-askatasunaren aurkako erasoa baino ez da, eta egun horretan salatu genuen nagusikeria eta joera errepresiboa berretsi baino ez ditu egiten. Izan ere, jarrera erabat antidemokratiko eta autoritarioa hartu baitu berriz ere bere sinboloak guztioi ezartzeko, askatasuna eta adierazpen askatasuna kriminalizatuz.
Era guztietara, kriminalizazio-saiakeren bidez kikildu egingo gaituztela uste badute, jai dute. Guk orain arteko bideari eutsiko diogu eta Erregimenaren demokrazia falta eta autoritarismoa salatzen jarraituko dugu, euskal errepublika aldarrikatzearekin batera.