Herriko taberna eta elkarteen sententzia exekutatzen hasi da azken egunetan Auzitegi Nazionala, hauen kontu korronteak enbargatzeko agindua emanez. Jada hasi dira tabena eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztien enbargoa gauzatuko dela pentsatzen dugu.
Bost urte dira jada Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko Tabernen auzi gisa ezagutzen den 35/02 auziko sententzia eman zuela. Hala, epai politiko eskandalagarri honek 1936ko gerraz geroztik eman den expolio politiko eta ekonomiko handienari bide eman zion. SORTUk beste behin ere, argi dio: epai hau ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat da.
Bost urtez lozorroan egon da epaiaren exekuzioa baina hala ere bitartean herriz herri, auzolanean, asko izan dira euren ekarpen politiko eta kulturalari eutsi eta are gehiago, biziberritu duten taberna eta elkarteak, herri giro biziari ekarpena eginez. Zoriontzeko moduko ahalegina. Beraz, argi eta garbi diogu hau berri txarra dela Euskal Herriarentzat.
Koronabirusa dela-eta gerra hotsak darabiltza Espainiako Gobernuak, Guardia Zibil eta militarrak osasun krisiaren aurkako propagandaren lehen lerroan jarrita, baina iraganekoa behar lukeen epai honek gogora dakarkigu Espainiako Erreinuaren autoritarismoa ez dela berria zoritxarrez.
Ezker abertzaleak eta euskal gizarteak aspaldi adierazi zuten iraganeko ziklo politikoa gainditu eta Euskal Herrian bakea eta askatasunaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko dituen eskenatoki politiko berri baten aldeko konpromisoa. Espainiako Erreinuak eta bere estatu aparatu frankistek ordea bakearen aldeko urrats oro oztopatzen tematuak jarraitzen dute.
Oker dabiltza ordea halako jokaldiekin ezker abertzalea bere bidetik aterako dutela uste badute. Euskal Herriaren askapen prozesuan urrats sendoak eman ditugu azken urteetan eta norabide horretan borrokan segiko dugu eta egoera konplexua izanda ere, eraso honek ez gaitu ixilik utziko.