ALBISTEA


herrigintza/plaza hutsa

Euskalgintza arnasberritzeko dokumentua

2021-01-29

Zuen eskura jarri dugu azken aldian landutako "euskalgintza arnasberritzen, ezkerretik eta independentismotik" dokumentua. Denon artean osatu eta aberastu dezagun, bada.

Eskuragai duzun “Euskalgintza arnasberritzen, ezkerretik eta independentismotik” dokumentua azken urte eta hilabeteetan hamarnaka kidek egindako gogoeta kolektiboaren emaitza da. Dokumentuak ekarpena egin nahi dio Euskal Herriaren euskalduntze prozesuari, ezkerretik eta independentismotik. Gure ustez, ezinbestekoa den euskalgintzaren arnasberritzean, ekarpen bat gehiago da hau, beraz.


Hainbat ataletan banatu dugu dokumentua. Baga, azken hamarkadetako euskalduntze faseak eman duenaren balantzea osatu dugu. Biga, etorkizunera begira jarri gara, mundu mailan nahiz Euskal Herrian izango ditugun erronketara begira jarriz. Higa, aterki ideologikoa (zahar)berrituaren oinarriak jarri ditugu. Laga, euskalduntze prozesua prozesu independentistarekin nola josi proposatu dugu. Boga, euskalduntze fase berriaren helburu estrategikoak marraztu ditugu. Sega, ildo estrategikoak definitu ditugu, lau ildo nagusi identifikatuz: hizkuntza politika, euskalgintzaren indarberritzea, arnasguneak eta herri kontakizuna birsortzeko bulkada kulturala.


Oraindik ere amaitu gabe dagoen lana da honakoa. Datozen hilabeteetan zuekin guztiekin konpartitu asmo duguna. Hainbat herri, auzo eta eskualdeetan egin asmo ditugun aurkezpen irekien bidez. Denon artean osatu eta aberastu dezagun, bada.