ALBISTEA


sortu

Euskalduntze prozesuak jauzi bat egin behar du

2021-12-02

Sorturen oharra, euskararen eguna dela eta.

1. Kezkaz bizi dugu azken hilabeteetan euskararen kontra areagotu den ofentsiba juridiko-politikoa. Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua hezkuntza sistema publikoan garatu ahal izatearen aurka ateratako epaia, Irungo udaltzainen euskara soslaiaren harira izandako gertaerak, Nafarroa osora ETB3 zabaltzearen aurrean izan diren erreakzio bortitzak, edota Ikastolen aurka azalera diren diskurtsoak ez dira kasu isolatuak. Espainiar nahiz frantziar estatuek bizi duten inboluzioaren parte dira. Inboluzio honen aurrean euskaldunon erreakzioa lehen mailako garrantzia duen egitekoa da.

2. Euskararen etorkizunak gutxieneko bermea duela esan ahal izatetik urrun gaude, baita euskarak baldintza egokienak dituen lurraldeetan ere. Asko da azken hamarkadetan aurreratu dena. 50eko hamarraldian abiaturiko euskalduntze prozesua eredugarria izan da. Aitortu eta balioan jarri behar da milaka euskal herritarrek eta prozesu horren erregaia izan den euskaltzale mugimenduak egindako lana. Orain, ordea, euskalduntze prozesuan moteltze bat antzematen ari gara (euskararen ezagutzan moteltzea, euskararen erabileraren beheranzko joera, hezkuntza edo komunikazio sistema publikoen eraginkortasun falta...).

3. Euskal Herriaren euskalduntze prozesuan fase berri bat irekitzeko unea da. Zantzu negatibo ukaezin batzuen ondoan, badira baikorrak izateko arrazoiak. Eredugarritzat ditugu Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduaren kontrako epaiari emandako erantzun herritarra, Nafarroan zonifikazioa gainditzeko martxan jarri den Hordago egitasmoa edota gazte euskaltzaleek martxan duten dinamika. Euskararen aldeko herri susperraldi sortzaile berri bat martxan jartzeko unea da; 50eko hamarraldiaren pareko herri susperraldi sortzailea.

4. Premiazkotzat dugu mugimendu euskaltzalearen biziberritzea. Euskalduntzearen gisako erronka ezin gauza daiteke herri mugimenduaren bultzadaz baino. Euskaltzale mugimendua izan da orain arte Euskal Herriaren euskalduntzean motor nagusia eta hala izango da aurrerantzean ere. Urte luzeetako borroka-jarioa eguneratu eta garai honek eskatzen duen euskararen aldeko mugimendua biziberritzea eta berraktibatzea premiazko lana da.

5. Euskarak independentzia behar du. Euskaldunok estatua behar dugu. “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz” Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren esaldiak gaurkotasun handia du gure begietara. Izan ere, neoliberalismoak ekoitzi duen mundu global eta homogenizatzailean hizkuntza minorizatuek estatu tresnak inoiz baino beharrezkoagoak izango dituzte aurrera egin nahi badute. Horregatik, abenduaren 6an Durangon Euskal Herrian Euskaraz-ek “Euskaraz bizitzeko Euskararen errepublika” lelopean deitutako mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu.

“Euskalduntze prozesua arnasberritzen, ezkerretik eta independentismotik” dokumentua plazaratu berri du SORTUk gai honen inguran. Dokumentua irakurtzeko edo deskargatzeko: https://sortu.eus/fitxategiak/Arnasberritzen.pdf