ALBISTEA


ekonomia eta bizi baldintzak

Euskal Herrian posible delako, egin dezagun posible!

2022-04-28

Maiatzaren Lehena kalera ateratzeko eguna da. Zaintza lanen, enpleguaren eta aberastasunaren banaketaren alde LABek antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dugu.

Aurtengo Maiatzaren Lehena testuinguru berezian emango da. Krisi sistemiko eta anizkoitzen (ekonomikoa, soziala, zaintzarena, klimatikoa...) garai batean bizi gara. Gure bizitzaren esparru askotan aldaketa handiak ematen ari dira eta, handienen erabaki sozial politiko eta ekonomikoak aldatu ezean, zalantzarik gabe askoz gehiago jazoko dira. Aldaketa handien garaia da.

Krisiak eta aldaketa garaiak ere, ordea, hipotesi berrietarako aukera ere badira. Kolapsoa eta distopiak bakarrik saldu nahi dizkiguten honetan, zerumuga askatzaile berri bat posible dela aldarrikatzea ezinbestekoa da, besteak beste gure herrian horretarako aukerak eta baldintzak daudelako. Euskal Herriaren historian zehar eman diren borroka eta garaipen sozialak, mugimendu feministaren indarra edota gehiengo sindikal eraldatzailearen hedapena horren adibide eta berme esanguratsuak dira. Era berean, Euskal Herria lurralde txikia izaki, komunitate kohesionatua du eta lurralde ezberdinetako ezaugarrietatik abiatuta, elkarlanerako eta erronka berriei aurre egiteko eskala paregabea eskaintzen du.

Bizitza duin bat bermatzeko sistema kapitalista eta patriarkarraren ezintasunak nabarmenak diren honetan, gaur eta hemen, eraldaketa soziala posible dela aldarrikatu behar dugu. Euskal Herrian posible da eta ondorioz, LAB sindikatuaren aurtengo lemak dioen moduan, egin dezagun posible!

Azken urteetan inposatu zaizkigun neurrien bidez, langile klasearen eta herri sektoreen eskubideen eta bizi baldintzen egoera asko okertu da: denonak izan beharko liratekeen zerbitzu publikoak pribatizatuz gure eskubideetan atzera egitea, osasun zerbitzuak murriztea, zaintza zerbitzuen kaltetzea, zorrak denek ordaindu eta irabaziak batzuen poltsikoetan soilik geratzea, aitortu gabeko lanen eguneroko karga areagotzea, energiaren, elikagaien edota oinarrizko kontsumorako produktuen prezioen igoerak eragin duen eros ahalmenaren murrizketa... horiek guztiak kapitalaren ofentsibaren isla ez ezik, euskal herritarron gehiengo zabal baten lan eta bizi baldintzen okertze eta murrizketaren adibide nabarmenak ere badira. Batzuk geroz eta aberatsago diren bitartean, gehiengoa geroz eta prekarioago, pobreago. Gure herrian ere bai.

Deskribatu berri dugun egoera hori irauliko badugu, bizitza duinak eta elkar zaintza helburu dituen eredu sozioekonomiko berri baterantz urratsak eman beharra dago: krisi klimatikoari aurre egiteko trantsizio ekologikoa abiatu, arduraz eta ausardiaz; zaintza krisiaren aurrean, zaintza sistema publiko eta komunitarioa eraikitzen hasi eta lanak, lan guztiak, banatzeari ekin; estatalizazioaren, pentsioen, soldaten eta lan baldintzen okertzearen aurrean, babes sozial eta lan harremanetarako euskal esparrua praktikan eta euskal eragileen artean eraikitzen hasi; prekarietatea eta langabezia hedatzea nahi duten honetan, lan astearen orduak murriztu, lana banatu eta enplegu duina bermatzeko akordio politiko-sindikalak erdietsi; eta, azkenik, baina garrantzi bereziz, egungo zerbitzu publikoak defendatzeaz gain, eredu ekonomiko berri baten iparrorratz gisa arituko den sektore publiko indartsu eta eraginkor baten aldeko hautua egin beharra dago.

Jakina, arlo horietan guztietan, burujabetza ekonomiko ezak eragin zuzena du. Aipatu berri ditugun hainbat adibideren atzean Madrilen, Parisen edota Bruselan hartutako erabakiak daude, herri honen iritzia kontuan hartu gabe, gehiengoaren hitza errespetatu gabe. Krisi anizkoitzen garai honetan, burujabetza ekonomikoa ez da soilik hobeto bizitzeko aukera bat, euskal herritarron bizi eta lan baldintza duinak bermatzeko oinarria ere bada. Burujabetza ekonomikoaren aldarria, beraz, eredu sozial eta ekonomiko berri baten norabidean dihardugun guztion lehentasuna ere behar du izan. Bizitza duinak eta burujabeak soilik herri burujabeetan bermatu daitezkeelako. Estatu bat behar dugu. Ez da baldintza nahikoa, baina bai ezinbestekoa.

Hasieran aipatu dugun bezala krisi eta aldaketa garai honetan, arduraz jokatzeko unea behar du izan. Askapen prozesua azkartu eta indartzeko unea da, independentziarako bidea baita aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialerako gure bidea. Era berean, maila pertsonal zein kolektiboan, indarrak biltzeko, biderkatzeko eta eraginkorragoak bihurtzeko unea da. Izan gaitezen kontziente denok, jokoan dagoenaz eta gutariko bakoitzak, izan pertsona edo eragile, hausnartu beza zer eta nola eragin dezakeen herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko eta aipatu dugun eredu sozial eta ekonomiko berriaren norabidean urrats eraginkorrak emateko; balio sozialistetan, feministetan eta ekologistetan oinarritutako eredua. Arduraz jokatzeko garaia da.

Aipatu ditugun arrazoi eta aldarri guzti horiengatik, Maiatzaren Lehenak kalera atera eta borrokatzeko unea eta eguna behar du izan. Sortuk, beraz, dei egiten du, indar bereziz, zaintza lanen, enpleguaren eta aberastasunaren banaketaren alde LAB sindikatuak antolatu dituen mobilizazio guztietan parte hartzeko.