Urtero bezala, irailaren 27an Txiki eta Otaegi oroituko ditugu. Beste hainbat burkidek bezalaxe, Juanek eta Anjelek beren bizitzarekin ordaindu zuten Euskal Herria askatzeko eginiko ahalegina. Horri lotuta, pauso garrantzitsu bat emateko apustua egin du Sortuk, egun seinalatu hau gogora ekartzeko ekitaldi irekia antolatu baitugu.
Kezka handiz ikusten ari gara, interes politiko zehatzen baitan, memoria eta errelato alorrean ezarri nahi diguten ikuspegi manipulatu eta desitxuratua. Azken aldian, nabarmenena, beharbada, diru publikoz finantzatutako Gasteizko Melitoniumaren kasua dugu: Manzanas torturatzaile faxistari gorazarre egiten dioten bitartean, herri honen alde jardun duten hainbat biktima bazterrean uzten dituzten bitartean.
Pertsona guztiak, eskubide guztiak, memoria guztiak. Ahor gure konpromisoa. Azken batean, sufrimendu guzti-guztien oroimena aldarrikatzen dugu, batzuena zein besteena, inor bazterrean utzi gabe, soilik modu horretan eraiki baitaiteke herri honek hain beharrezko duen memoria partekatua eta elkarbizitza.
Irailaren 27ari lotutako ekitaldi hau urtero egiteko asmoa dugu, aurrera egiteko oroitzea ezinbestekoa zaigulako; nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakitea ere funtsezkoa zaigulako; herri honek behar-beharrezkoa duen elkarbizitza eraikitzen jarraitu nahi dugulako. Aurtengo zitarako hautatu dugun leloa “Euskal Herria bihotzean, independentzia!” da. Gure herriarekiko maitasunak ezinbesteko sugarra izaten segitzen duelako askapen borrokan aurrera egiteko. Eta independentzia, noski, Euskal Herriaren etorkizuna ezinbestean, hortik pasatzen delako eta horrek jarraitzen duelako izaten gure eskaintza euskal jendarteari.
Irailaren 25ean, larunbata, Oiartzungo Kiroldegian egingo dugu ekitaldia, 17:30ean. Pandemiagatiko aforo eta segurtasun neurriak kontuan izanik gonbidapen bidezkoa izango da sarrera.
Irailaren 27an, herriz herri egingo diren aldarrikapen mobilizazioak egingo ditugu “Euskal Herria bihotzean, independentzia!” lelopean. Aldarrikapena ezinbestean, oroimena debekatzen duen sasi demokrazia batean bizi gara-eta.
Txiki, Otaegi eta haien ispilu diren guztiak gogoan!
Euskal Herria Bihotzean. Independentzia!