Arkaitz Rodriguez SORTUren idazkari nagusiak Santi Brouard eta Josu Muguruzak herri honen askatasunarekiko konpromisoa nabarmendu du, larunbatean Bilboko kaleak jendez bete behar ditugula gogorarazteko. Dei egin du azaroaren 20an, hil zituzteneko urteurrenean, bai eguerdian Ametzolan egingo den lore eskaintzara bertaratzeko, bai 12:30ean Errekaldeko plazan Egiari Zor fundazioak antolatutako ekitaldira joateko, bai arratsaldean EH Bilduk egingo duen manifestazioan parte hartzeko.
Hedabideei adierazpenak egiten ari zela, Bilboko Plaza Eliptikoan, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren aurpegien irudiak proiektatu dira Espainiako Gobernu ordezkaritzaordearen fatxadan. "Euskal Herria askatzeko konpromisoa" esaldia irakur zitekeen.
Arkaitz Rodriguezen esanetan, “Espainiako Gobernukoaren mertzenarioek Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzten duela 37 eta 32 urte, hurrenez hurren. Gure herriarekin eta gehiengo sozialekin zuten konpromisoagatik hil zituzten. 32 eta 37 urte geroago, herri honetako gizon eta emakume konprometituei dei egiten diegu datorren larunbatean Bilboko kaleak bete ditzaten, hiru mezu helarazteko. Lehena, Santi eta Josu hil zituzten, bai, baina haien ametsak eta herri honen emantzipazio nazional eta sozialaren aldeko borroka inoiz baino biziagoak eta indartsuagoak dira.
“Bigarrena: konpromisoa eta borroka funtsezkoak dira herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko (trantsizio ekologikotik hasi eta subiranotasun nazionala berreskuratzeraino; zaintza-krisialditik bake justu, egonkor eta iraunkorra eraikitzeraino).
“Eta hirugarrena: milaka eta milaka gara herri honekin eta bere etorkizunarekin konprometitutako gizon-emakumeak; bake, justizia, askatasun eta berdintasunezko etorkizunarekin konprometitutakoak. Eta frogatuko dugu”.