Sortuk manifestazioa egin du gaur, otsailak 6, Donostian, etxebizitza larrialdia salatzeko ekintza aktibistaren baitan. ‘Eskubideekin ez da espekulatzen. Etxe eta bizitza duinak denontzat’ lelopean, Katalunia plazatik udaletxerainoko bidea egin dute. Egun putre funtsak, banketxeak, jabe handiak eta higiezinak etxebizitzarekin egiten ari diren espekulazioa salatu dute. Hori ahalbidetzen duten erabaki politikoak ere deitoratu dituzte, eta konponbideak eskatu.
Etxebizitza eskubide subjektibo gisa aitortua izanagatik, egun negoziorako eta espekulaziorako bitarteko da. Horren aurrean, urgentziazko neurriak berehala hartu behar direla nabarmendu du Beñat Lusarreta Sortuko kide eta ekintza aktibistako bozeramaileak, manifestazio bukaeran: “Batetik, Espainiako legediak zehazten duen gisan, tentsio eremuak izendatu behar dira berehala, prezioak mugatzeko. Bestetik, etxebizitza turistikoei mugak jarri behar zaizkie”. Beste bi neurri ere gehitu ditu: alokairuei mugak jartzea, eta bigarren etxebizitzak mobilizatzeko neurriak hartzea.
Berehalako neurriez gain, epe ertainekoak ere eskatu dituzte: “Arazoa egiturazkoa da, eta beraz, konponbideak ere hala izan behar du. Etxebizitzen % 30 gutxienez publikoa izan behar da. Beraz, etxebizitza parke publikoa areagotu behar da; horrek baldintza dezake merkatuko prezioa”. Halaber, etxebizitza eskubidea bermatzeko alokairuaren kultura sustatu behar dela nabarmendu du Lusarretak. Eta harago ere joan behar dela aldarrikatu du: “Burujabetza osoa behar dugu. EAEko eta Nafarroa Garaiko Legeek, eta Herri Elkargoaren eskumenek bide bat eskaintzen dute hasteko. Baina eskumen guztiak behar ditugu etxebizitza politika burujabe eta bidezko bat egiteko: lurzoruaren legea, hipoteken legea, maizterren legea eta abar”.
Atzo ekin zioten aktibistek salaketari, Donostiako bi jabe handiren etxebizitza banatan (Erdialdean eta Grosen). Erreserba epealdia igarota, haietan jarraituko zutela iragarri zuten. Ordutik, hainbat ekintza egin dituzte; gaur goizean, Katalunia plazako bi eraikin seinalatu dituzte. Lehena Azora funts putrearena da: egun, errenta zaharra mantentzen duten bizilagun gutxi batzuk daude, 6 pisu turistiko, eta gainerako guztiak hutsik. Izan ere, hauxe da funts putreen modus operandia: eraikin osoak bereganatzen dituzte, bertako maizterrei alokairu kontratuak amaitukoan ez berrituz, edo neurrigabeko igoerak inposatuz. Modu horretan, eraikinak bizilagunez hustu eta espekulaziorako erabiltzen dituzte, hotelak eginez edo pisu turistiko bihurtuz.
Bigarrena, Telefonicaren eraikina zen (90eko hamarkadan Espainiako Estatuaren enpresa pribatizatu zuten), eta hark inbertsio funts bati saldu dio eraikina; hemen ere, hotel bat egiteko saiakera egin dute. Lizentzia lortu ez dutenez, salerosketara bideratutako luxuzko etxebizitzak egiteko proiektua dute, milioi bat eurotik gorako prezioan. Informazio hori zabaltzen aritu dira aktibistak Katalunia plazan, esku-orriak banatuz eta bertan jarritako informazio-zutabeen bidez. Hain zuzen, Gros da Donostian etxebizitza publikorik ez daukan auzo bakarretakoa.