ALBISTEA


gora herria

Etxebizitza larrialdia salatzeko ekintza aktibista abiatu dugu

2024-02-05

Etxebizitza eskubidea da berez, baina arazoa da egun Euskal Herrian, besteak beste, Donostian. Sortuk salatu du funts putre, jabe handi eta banketxeak negozioa egiten ari direla, haien mesederako politiken erruz.

Sortu Euskal Herriko “etxebizitza larrialdia” salatzeko eta ikusarazteko ekintza aktibista egiten ari da Donostian: jabe handien bi etxebizitzatan daude zenbait aktibista asteburutik. Gaur, egonaldirako erreserba epea igarota, haietan jarraituko dutela iragarri dute. Etxebizitza eskubidea da berez -Hego Euskal Herrian eskubide subjektibo gisa aitortua dago-, baina “espekulaziorako eta negoziorako erabiltzen dute funts putreek, jabe handiek, higiezinek eta banketxeek”. Eta hori erabaki politiko batzuen ondorio da; legeek ahalbidetzen dituzten tresnak erabili beharrean, esku ez hartzeko jarrera aktiboa izan dute. Horren aurrean, urgentziazko neurriak hartzeko eskatu dute -besteak beste, merkatuan esku hartuz-, baita epe luzeko alternatibez eztabaidatzen eta haiek marrazten hasteko ere.

Etxe eta bizitza duinak aldarrikatu dituzte: “Inork ez luke bere soldataren % 30 baino gehiago gastatu behar etxebizitzan. Hego Euskal Herrian herritarrek % 40 baino gehiago gastatu behar dute. Gipuzkoan eta Donostian, soldataren erdia baino gehiago”. “Hemen gutxi batzuk negozioa egiten ari dira. Donostian, herritarrak etxebizitza ordaintzeko zailtasunak izaten ari garen bitartean, putre funtsak eta higiezinen agentziak luxuzko etxebizitzak eta hotelak eraikitzen ari dira”, adierazi dute. Eta, hori ikusarazteko, bi jabe handiren Donostia erdialdeko eta Groseko etxebizitza banatan daude. Argi adierazi dute: “Gure helburua ez da etxebizitza hauetan luzaz geratzea. Egoera salatzeko geratu gara hemen”.

Funts putre eta jabe handien etxebizitzak

Ekintzaileak dauden etxebizitzetako bat funts putre batek hartutako eraikinean dago. Bertako bizilagunek alokairu igoerak eta presioak jasan dituzte, eta haietako zenbait etxea uztera behartuak izan dira. Bitartean, pisu turistikoak ireki dituzte. Beste etxebizitza berriz, luxuzko apartamendu turistikoak dauden eraikin batean dago, eta jabe handi batena da. Batean zein bestean, legeak ahalbidetutako jukutriak erabili dituzte herritarren eskubideak eraitsi eta negozioa egiteko.