Gaur herri honekiko konpromisoa berrestera gatoz, uste dugulako une erabakigarri batean gaudela.
1.- Duela hamar urte ETAk borroka armatuari bukaera eman zion. Ezker independentista Euskal Herriaren norabidea aldatzen ahalegindu zen, etsipena zegoen tokian itxaropena lora zedin. Ausardiaz eta erabakitasunez jardun genuen, etorkizun hobea posible eta beharrezkoa zela iritzita. Ez zen bide erraza izan.
Hamar urte geroago pozez esan dezakegu garai politiko berri bat irekitzen lagundu dugula. Biolentzia adierazpenetako bat ekuaziotik kanpo dago eta gaur egun, zalantza izpirik gabe, Euskal Herriaren egoera duela hamar urtekoa baino hobea da.
2.- Momentu erabakigarria da bakea eta elkarbizitzari dagokienez. Ezker independentistak lanean jarraituko du, orain arte ezinezkoa izan dena posible egiteko. Aieteko Adierazpenaren atal guztiekiko konpromisoan berresten gara. Preso politikoen auziari konponbidea eman behar zaio, biktimen aitortzan urratsak eman behar dira eta gatazkari aterabide demokratikoa eman behar zaio. Elkarbizitza eraikitzeko ezinbestekoa dela uste dugu. Ez dugu etsiko eta ireki den aukera elikatzen jarraituko dugu, zintzotasunez eta ausardiaz, iragan astelehenean Urriaren 18ko Adierazpenarekin egin berri dugunez.
Batzuk errelatoaren batailan daude, gu bakea eta elkarbizitzaren eraikuntzan. Hori delako jendartearen gehiengo zabal batek nahi duena; herri honek ez duelako gutxiago merezi. Arduraz jokatzeko unea da, denok. Guk jarraituko dugu ekarpen eraikitzailea egiten, herriaren interesak gure interesen gainetik jartzen ahaleginduz, gure bertsiorik onena ematen ahaleginduz.
3.- Une erabakigarrian gaude herri honen etorkizunari dagokionez. Nazio zahar hau hainbat erronka erraldoiri aurre egin beharrean dago: erronka globalei eta belaunaldiei dagozkien erronkei, besteak beste, klima-aldaketari, zainketen krisiari, gure identitate komunitarioaren garapenari, ekoizpensarearen eraldaketari eta abarri. Une historiko honek herri susperraldi handi bat abiatzea eskatzen digu. Etorkizunerako begirada luzea, erantzukizuna eta eskuzabaltasuna erakusteko garaia da, interes orokorra lehenestekoa, alderdi ororen interesen gainetik. Etorkizun hobe batekin engaiatzeko unea da. Betebehar morala dugu ezagutu duguna baino herri hobe bat oinordetzan uzteko, bere orainaren eta etorkizunaren jabe dena, bere patua gobernatzeko gai dena. Etorkizuneko belaunaldiei zor diegu.
Geuk ondo egindakoez eta geure akatsez arduratzen gara. Apaltasunetik, gure indar guztiekin, berdinen arteko herri aske bat eraikitzeko ekarpena egingo dugu, “pertsona guztientzat eskubide guztiak” printzipio gidariaren baitan.
Donostian, 2021eko urriaren 20an