ALBISTEA


nazioartea

Estatu kolpeari ez!

2019-11-13

Testu hau sinatzen dugun erakundeok, lehenik eta behin, Boliviako herria pairatzen ari den estatu kolpea salatu nahi dugu. Hau esatearekin batera, Evo Moralesek hauteskundeak irabazi ondoren lortutako zilegitasun demokratikoa berresten dugu.

Urriaren 27an Evo Moralesek hauteskundeak irabazi zituela adierazi ondoren Boliviako herrian piztutako biolentziak muturreko egoera batera eraman du Bolivia, eta azken egunotan lehenengo egunetan protesta zena Evo Moralesen eta Boliviako herriaren demokraziaren kontrako estatu kolpe bihurtu da.

Evo Moralesek eta bere gobernuak Boliviako herriaren egoera oraindik eta odoltsuagoa ez bihurtzeko hartutako erabakia txalotzen dugu, Boliviako herritarren ongizatea eta demokraziaren bizirautea bere karguaren gainetik jarri baititu.

Une honetan Evoren eta bere gobernuko kideen kontra, nahiz MAS alderdiko militanteak eta indigenen aurkako errepresio basatia ematen ari da. Jazarpen hau gelditzea eta herritarren eskubideak errespetatuak izatea behar beharrezkoa da. Evoren bizia arriskuan dago!

Garbi dugu gertakari hauek Bolivian 2006tik martxan zegoen eraldaketa prozesu baten kontrako estatu kolpea direla. 2006-an boterea galdu zuten elite ekonomikoek prozesu honekin eta prozesu honek Boliviako herriari ekarri dizkion hobekuntza sozialekin bukatu nahi dute kosta ala kosta, eta, ikusten ari garen bezala, horretarako eskura duten guztia erabiltzeko prest daude.

Boliviako herriaren zein beste herrietako demokrazien kontra piztutako biolentzia salatzen dugu. Cuba eta Venezuelako enbaxadak indarrez hartu nahi izanak estatu kolpe honen izaera argi eta garbi erakusten du. Demokraziaren kontrako eraso hau ematen ari den bitartean nazioarteko komunitateak ez du hitzik ere egin.

Boliviaren burujabetza, eta bere gobernuak nahiz instituzioak errespetatzeko deia luzatzen dugu eta, era berean, hainbat alditan adierazitako herriaren borondatea errespetatzea exijitzen dugu.

Dokumentu hau sinatzen dugun eragileok, eskualdean eta munduan bakea helburu duten elkarrizketa eta negoziazio politikoei lagunduko diegu eta atzerriko esku-hartze militarra saihesteko eta salatzeko gure konpromisoa erakusten dugu. Horregatik dei egiten diogu euskal gizarteari hurrengo egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera.

Azaroak 15 · Mobilizazioak

DONOSTIA: Bulebarrean, 19:30ean
BILBO: Arriaga enparantzan, 19:30ean
GASTEIZ: Andra Maria Zuriaren enparantzan, 19:30ean
IRUÑEA: Udaletxe enparantzan, 20:30ean

Sinatzaileak:

Alternatiba, Antikapitalistak, Bizilur, CC.OO, Coordinadora de ONGD de Euskadi, EH Bildu, EHNE-Bizkaia, ELA, Elkarcredit, Ernai, EPK-PCE, ESK, Etxalde, Etxaldeko emakumeak, Euskadi-Kuba, Ezker-Anitza, Garabide, IPES, IU, LAB, Jorge Freyter elkartea, Lumaltik herriak, Mugarik gabe, Mundubat, Nafarroa Orain/ Ahora Navarra, Paz con dignidad, Podemos, Sodepaz, Sortu, STEILAS