ALBISTEA


demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

Espainiar Estatuan irekita dagoen aukera leihoa zapuzteko eskuin erreakzionarioaren operazio politikoa da Sorturen kontrako auzia

2024-01-31

Gaur goizean jakin du Sortuk, Garcia-Castellón Auzitegi Nazionaleko epaileak ongi etorrien auziaren aitzakipean Sorturen aurka irekita duten ikerketa eta instrukzio epea luzatzea erabaki duela, Dignidad y Justicia elkartearen eskariari erantzunez.

Auzitegi Nazionala.
Operazio horren helburua da aukera leihoa zapuztea, estatuaren nazio aniztasunaren zein Euskal Herria, Katalunia eta Galizaren nazio eskubideen aitortzan aurrera egiteko aukera zapuztea.

Sorturen ustez, espainiar estatuko eskuineko bloke erreakzionarioaren eta estatu sakonaren operazio politikoa da hau. Operazio horren helburua da aukera leihoa zapuztea, estatuaren nazio aniztasunaren zein Euskal Herria, Katalunia eta Galizaren nazio eskubideen aitortzan aurrera egiteko aukera zapuztea; hau da, Espainiako Estatuaren demokratizazio aukera orori atea istea. Finean, frankismoak lotuta eta ondo lotuta utzi zuen hura aska dadin galaraztea. Horretarako, kataluniar auziarekin ikusten ari garen bezala, edota, lehengo astean Bateragune auziaren amaiera zela eta adierazi genuen bezala, beste behin ere justizia aparatua erabiltzen ari dira. Lawfare kasu berri baten aurrean gaude, beraz.

Kataluniako gatazka konponbidean jartzea helburu duen Amnistia Legearen aurka egiten ari diren saiakera etengabea eta operazio hau estrategia berdinaren zatiak dira. Horren froga da bi auzietan Auzitegi Nazionaleko epailea berdina dela, García-Castellón jauna, eta akusazio partikular gisa Alderdi Popularra sartu dela.

Aznarrek esana du aukera leiho hau geldiarazteko “egin dezakeenak egin dezala”. Horretan ari dira bakearen eta demokraziaren etsaiak. Guk, bakearen eta askatasunaren alde lanean jarraituko dugu, herrien eta pertsona guztien eskubideen alde.