ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Espainiar estatuak bere biolentziaren biktimak aitortu behar ditu

2023-10-09

Lasa eta Zabala oroitzeko ekitaldi bat egin du Egiari Zor Fundazioak Busoten, haien gorpuzkiak topatu zituzten lekuan; hildakoen senideak, Andu Martinez Tolosako alkatea eta herriko hainbat lagun bildu dira

Urriaren 7an Egiari Zor Fundazioak Josean Lasa eta Joxi Zabala oroitzeko ekitaldi bat egin zuen Busoten (Alacant), haien gorpuzkiak topatu zituzten lekuan. 40 urte beteko dira urriaren 15ean Lasa eta Zabala errefuxiatu tolosarrak Baionan desagertu zirela; bahitu zituztela. GAL Grupos Antiterroristas de Liberación erakunde paramilitarraren lehen ekintza izan zen. Lasa eta Zabalaren senitartekoak, Tolosaldeko hainbat herritar eta bertako zenbait lagun elkartu ziren ekitaldian. Dantza, lore eskaintza, algarrobo baten landaketa eta hitzartzea egin zituzten; tartean, Andu Martinez Tolosako alkateak.

1985eko urtarrilean topatu zituzten Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak Busoten, eta hamar urte igarota identifikatu. Bi tolosarrak bortizki torturatu zituzten Guardia Zibilaren Donostiako La Cumbre jauregiko instalazioetan. Ondoren, Alacanteko herrira eraman, euren hilobiak eginarazi, tiroz hil eta lurperatu egin zituzten; kare bizitan lurperatu ere, ahalik eta zantzu gutxien gera zedin. 2000. urtera arte ez zituzten kondenatu erantzuleak, Galindo eta enparauak. Eta, espetxe zigorrak 70 urtetik gorakoak izan arren, erantzule guztiak 2004an aske ziren. Haien erailketa gerra zikinaren ekintza bortitzenetako bat izan zen, baina ez bakarra: GAL eta beste zenbait taldek gutxienez 83 lagun hil zituzten.

Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak prentsa adierazpenak egin zituen ekitaldiaren ostean. Euskal Herrian azken urteotan irekitako testuinguru politikoa ekarri zuen gogora: “Gatazka politikoak sufrimendu ugari eragin du Euskal Herrian. Euskal gizarteak azken hamabi urteotan aurrera egin du bake eta elkarbizitzara bidean”. Ezker abertzaleak emandako pausoak nabarmendu zituen: “Urrats sendoak eta zintzoak egin ditu zauri horiek sendatu eta biktima guztien mina errekonozitzeko”.

“Gaur, hemen, Busoten, Espainiako Estatuari eta haren estamentuei eskatu nahi diegu bere biolentziaren biktimak errekonozitzeko. Euskal jendarteak espero eta behar duen urratsa da”, adierazi zuen. Areago, gehitu zuen elkarbizitza eraikitzeko ezinbesteko pausoa dela, “gatazken konponbidean diharduten nazioarteko eragileek berresten duten moduan”.