ALBISTEA


gora herria

"Erregenerazio demokratikorako" 78ko erregimenarekin hautsi behar dela aldarrikatu du Sortuk Felipe VI.aren bisitan

2024-05-14

Felipe VI.a Espainiako Erregea Chillida Leku museora bisita egitera etorri dela-eta, Sortuk ekintza egin du Hernanin, 78ko erregimenarekin hautsi behar dela aldarrikatzeko eta Euskal Herriaren nazio eskubideen aitortza demokratikoa exijitzeko.

Sortuk ekintza aktibista egin du Hernanin, Euskal Herriak ez duela erregerik, eta beraz, Felipe VI.a ez dela ongi etorria adierazteko. Protesta ekimenean Francoren, Juan Carlos I errege emerituaren eta Felipe VI.a erregearen irudiak jarri ditu buruz behera, frankismoaren eta gaur egungo erregimenaren artean hausturarik ez dagoela irudikatzeko. Parean, hainbat aktibistak ‘Euskal Errepublika’ aldarrikatzen duten panelak erakutsi dituzte. Nahi izan duten herritar guztiek Espainiako ereserkia txistukatzen duen audioa aktibatu dute megafoniatik, plazan jarritako botoi handi bat sakatuta.

Paul Laka eta Lur Albizu Sorturen Nazio Kontseiluko kideek hartu dute hitza. Haien ustez, "Felipe VI.a da 78ko erregimenaren zutabe nagusia". Izan ere, 78ko erregimena hiru ardatzen bueltan eratu zen: Espainiaren batasuna, merkatu kapitalismoa eta frankismoaren inpunitatea. Erregimen horrek Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren nazio eskubideak ukatzeaz gain, herri horietako zein, oro har, estatuko langile eta herri sektoreen eskubideak ukatzen ditu.

Felipe VI.a da, gainera, Sorturen ustez, azken boladan espainiar estatuaren inboluzioan sakontzen ari den eskuineko bloke erreakzionarioaren aurpegi nagusia. Pitzatzen ari den erregimena zurkaiztu nahian dabil bloke erreakzionario hori, eskura dituen tresna guztiak erabiliz. Tartean lawfare deituriko kasuak, horretarako justizia aparatua manipulatuz, iraganean euskal independentismoaren kontra eta independentismo kataluniarraren kontra erabili duen bezala.

Izan ere, frankismoko egiturek 78ko erregimenean errotuta jarraitzen dute, "botere ekonomikoan, justizia aparatuan eta segurtasun indarretan, besteak beste", Albizuk eta Lakak esan dutenez. Zentzu horretan, eskuin erreakzionarioa gelditzeko modu bakarra frankismoarekin hautsi, estatu aparatuetatik atera eta 78tik egiteke dagoen demokratizazioari ekitea da Sorturen ustez. "Ez dago erregenerazio demokratikorik frankismoarekin hautsi gabe. Ez dago erregenerazio demokratikorik estatu aparatuak garbitu gabe, eta ez dago erregenerazio demokratikorik erregimen horren erroko auziari heldu gabe: bere nazio aniztasuna demokratikoki kudeatzeko ezintasunari buelta eman gabe". Albizu eta Lakaren hitzetan, ezinbestekoa da Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren nazio izaera eta eskubideak aitortzea, egiteke dagoen erregenerazio demokratikoa gauzatuko bada.