Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak balioan jarri du EPPK-k plazaratutako erabakia. "Haien militantzia eta iraganeko ekintzen biktimekiko enpatia ariketa bat da. Ekarpen kualitatibo bat da, ekarpen-kate luze baten baitan. Denbora berri hau irekitzeko erabakigarria izan zen euskal preso politikoen papera, eta justiziazkoa da hala aitortzea”, adierazi du. Zentzu horretan, EPPK-k 2013 eta 2016an plazaratutako adierazpenak ekarri ditu gogora, eta baita presoek lege arrunta baliatzeko eginiko apustua ere.
“Ezker abertzaleak egiten duena esaten du eta esaten duena egiten du. ETAren biolentziaren biktimekiko ardura eta konpromisoa dugu. Konpromiso eta ardura hori geure egin genuen duela hamar urte, Aieten, eta duela gutxi berritu dugu, Urriaren 18ko Adierazpenaren bidez. Ekimen berri hau konpromiso horri erantzuten dio eta horretan sakontzen du", gaineratu du.
"Bake eta elkarbizitzaren bidean garrantzitsua da ETAren biktimen mina arintzea, baina hori bezain garrantzitsua da Estatuaren milaka eta milaka biktimak aitortu eta erreparatzea”, esan du. Horrekin batera Estatu indarkeriak eraildako 400 pertsonak eta torturatu 5.000tik gorako kasuak oroitu ditu eta haientzako aitortza eta erreparazioa eskatu du.
“Modu berean, presoen aferari aterabidea eman behar zaio, bestela ezinezkoa baita bake justu eta iraunkor bat eraikitzea”.
“Bakeak eta bizikidetzak eskatzen dute oinarrian dagoen gatazka politikoari aterabidea ematea. Guztiek egin dezatela Urriaren 18ko beren adierazpen propioa, bakoitzak berea. Guztiok konprometi gaitezen garai berri hau zuzendu behar duen printzipioarekin: eskubide guztiak pertsona guztientzat”.
“Eta, nola ez, gatazkaren sustraiei heltzea ere ezinbestekoa da.” Era berean, Aieteko adierazpenaren laugarren puntua ekarri du gogora, eztabaida politikoa eta herri-kontsultari aipamena egiten diona. Bide demokratikoak aldarrikatu ditu Euskal Herriko zein Kataluniako gatazka politikoei aterabidea emateko.