“Nirekin ala nire aurka”, horrelakoxea da Bolssonaro aplikatzen ari den politika Brasilgo Errepublikako presidentetzara iritsi zenetik, eta ondorioz herrialdea tentsio eta polarizazio politiko egoera jasanezinean murgildu du. Besteak beste, Mariella Franco Rio de Janeiroko PSOLko zinegotziaren hilketa eragin zuen politika horrek eta baita Jean Wyllys LGTBI mugimenduko militante ezagun eta PSOLko diputatuaren erbesteratzea.
Orain, Manuela d ‘Avila Brasilgo Alderdi Komunistako (PCdoB) kidea dute jomugan. 2018ko Brasilgo Presidenteordetzarako aurkeztu zen eta azken udal hauteskundeetan bigarren itzulira pasa zen, Porto Alegreko Alkatetzarako hautagai izan zenean. Manuela d ‘Avilaren aurkako mehatxuek koska bat gora egin dute orain, bost urteko alabaren bortxaketarekin mehatxu egin baitiote.
Eskuin-muturrak Brasilen eta munduan darabilen jazarpen eta eraispen politika salatzen du SORTUk. Aldi berean, Manuela d ‘Avila lagunari, PcdoB alderdiari eta Brasilgo eskuin-muturrak jomugan duen ezker osoari babesa eta elkartasuna helarazten diogu.
Jaso ezazu, Manuela adiskidea, besarkadarik beroena Euskal Herritik.
Borrokan jarraitzen dugu eta jarraituko dugu.
Ez gaituzte geldituko!