ALBISTEA


demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

Elkarrekin ekiteko unea

2019-10-01

Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin ditu SORTUk, urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrenean

'Autodeterminazioa ez da delitua, Euskal Herria eta Katalunia elkarrekin bat' lelopean SORTUk elkarretaratzeak deitu ditu arratsalde honetan Donostian, Bilbon eta Gasteizen, urriaren 1eko erreferendumaren urteurrenean Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko. Haimar Altuna SORTUren Gipuzkoako arduradun politikoak nabarmendu du Kataluniarekin aliantzak artikulatzeko premia dagoela, maila eta plano guztietan, hemen ere burujabetza prozesua azkartu ahal izateko.

“Une honetan, Procesaren aurkako epaiaren atarian gaudela, atxiloketa, espetxeratze eta muntaia polizial guztien aurrean, inoiz baino gehiago, bi herriok indarrak batzeko garaia da. Argi eta ozen diogu, autodeterminazioa ez da delitua. Autodeterminazioaren defentsa inoiz baino ozenago egiteko garaia da”, adierazi du.

Altunaren esanetan, “Katalunian eta Euskal Herrian askatasun egarria sakoneko korrontea da. Olatu bat pasako da beharbada, baina gehiago ere eragingo ditugu, Korronte geldiezina delako. Aukera berriak datoz Europatik. Ziurgabetasun garaiak dira eta edozer gerta daiteke. Beraz olatu berrietarako baldintzak sortu eta prest egotea dagokigu. Aurrean dugun Estatu zapaltzailearen aurrean, indarrak batzeko garaia da, Euskal Herriak eta Kataluniak elkarrekin ekiteko unea, horrek egingo gaituelako indartsu”.