Etorkizuna aurreikustea ezinezkoa dela genioen orain dela hilabete batzuk atzera. Besteak beste, lehian dagoelako nagusituko den norabidea; bataila horretan gaude bete-betean. Argi dago, baina, ez dagoela korapilatzen diren krisien aurreko egoerara itzultzerik, botere harremanak astindu dira eta subjektibitateak baldintzatu ditu. Ezinezkoa da momentua ulertzea astinaldi orokor honi eta bere efektuei erreparatu gabe. Ezinezkoa da momentua irakurtzea, zaintza krisia kontutan hartu gabe. Beraz, aurrera begira ditugun erronka eta apustuak bizi dugun momentutik irakurtzea eta momentuari erantzunez garatzea beharrezkoa dela deritzogu.
Krisi egoera honi ikuspegi feminista batetik erantzuteko oinarri sendoak ditugu Euskal Herrian; zaintza krisia mahaigaineratu dugu, aurretik egin ditugun bi greba feministak ere hor ditugu indargune, eta baita segida emateko aukera ere. Gainean duguna eta datorkiguna gogorra izan arren, probestu beharreko aukera bat ere bada: burujabetza inoiz baino beharrezkoagoa dugu, hau gero eta nabarmenago geratzen ari da, eta burujabetza feministarantz eta trantsizio feministan urratsak emateko izugarrizko aukera dugu. Euskal Herriko erronka feministak eta mugimendu feminista ezinbestekoak dira euskal estatugintzan aurrera egiteko, eta gu anbizio horrekin aritzera goaz.
Pandemia bete-betean, lehenagotik bizi genituen sistema honen gabeziak azaleratu ziren, tartean, zaintzarena. Eta argi geratu da: sistema bera da bizitza bizigarriak izateko gabezia handiena. Irakurketa horretatik abiatuta ekin zion bideari Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak. Ordutik, zaintza lehen lerroan jartzeko apustu argia egin du mugimendu feministak. Azken hilabeteetako hausnarketek ondorio argi bat eskaini dute: publikotasuna ardatz izango duen Euskal Herriko Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa borrokatzeko momentuan gaude.
Epe motzera baino gehiago, epe erdi-luzera begira garatu beharreko erronka bat izango dela argi dago; eta horretarako, herri mailako indarrak bildu eta artikulatzea beharrezkoa izango da. Horixe da mahai gaineratu den apustua; orain, bide hori marraztea dagokigu.
Independentziarako indarra biltzeko garaia da, inoiz baino gehiago. Burujabetzak indartzeko eta eraikitzeko garaia; Euskal Herriko zaintza sistema publiko komunitarioa erdiestekoa; Euskal Herri burujabe eta feminista eraikitzekoa. Trantsizio feministara bidean, egungo bizi eredua sustengatzen duen zaintza sistema arrakalatzen ari gara, eta horretan sakontzeko ezinbestekoa da aliantzak ehundu eta elkarren arteko sareak jostea. Anbizioz eta konpromisoz helduko diogu egunez egun Euskal errepublika aske eta feminista eraikitzeari!
Euskal Herriak independentzia!
Gora Euskal Herria feminista!