Ekuadorren, Lenin Morenoren Gobernuak doikuntza gogorrak ezarri zituen urriaren 3an, neurri ekonomikoak, sozialak eta lan malgutasunari lotutako neurriak dekretuz onartzean. Neurri neoliberal horiek guztiek herri- eta langile-klaseei zein indigenei eragiten diete gehienbat. Gobernuak Nazioarteko Moneta Funtsarekin egindako akordioaren ostean ezarri ditu.
‘Paquetazo’ ekonomikoaren ostean, neurriok salatzeko kalera irten dira indigenak eta gizartearen gehiengoa. ‘Zanganoen’ iraultzak azken hamarkadako krisirik handiena piztu du Ekuadorren, eta Gobernuak salbuespen-egoera ezarri eta armada kalera atera du, gizarte-protestak kriminalizatuz eta herritarrak modu basatian zapalduz. Egun, 500 atxilotu eta lau hildako baino gehiago daude. Zubi batetik botatako hiru indigena gazteren irudiak munduan barrena ibili dira.
Azken berrien arabera, Moreno presidentea eta bere gobernua Carondelet Jauregia utzita Guayaquilera joan omen dira. Aitzitik, milaka indigenek bat egin dute CONAIEk (Ekuadorko Indarren Konfederazio Nazionala) Quitorantz joateko egindako deialdiarekin, hiriburuan protestak areagotuz.
SORTUk elkartasuna helarazi die ekuadortar guztiei, bereziki ‘paquetazo’-aren aurka kalera irten ziren guztiei. Era berean, erabiltzen ari diren errepresioa eta militarizazioa salatzen ditu.