ALBISTEA


ekonomia eta bizi baldintzak

Ekozidioa gelditu!

2021-10-31

Larrialdi klimatikoa eragin duten enpresek ordain dezatela trantsizio ekologikoa.

Glasgowko COP26 goi-bileraren atarian, Euskal Herrian krisi ekologikoa areagotzen duten enpresa eta azpiegiturak identifikatu ditu Sortuk, eta erantzukizuna exijitu die gauzatu beharreko trantsizio ekologikoan ardurak har ditzaten, herritar xumeei kalterik eragin gabe. Sare sozialen bidez kanpaina bat abiatu dugu enpresa horien ardurak ezagutarazteko, ekozidioaren egileek izen-abizenak baitauzkate. Puntu beltz horien aurrean paratu dira Sortuko hainbat militante “Ekozidioa gelditu” leloa daraman kartela erakutsiz.

Klima larrialdiak, derrigorrez, gizarte-eredu berria planteatzera behartzen gaitu. Izan ere, sistema kapitalistak bilatzen duen garapen infinituak kale egin du muga finituak dituen planeta honetan. Horregatik, bestelako eredu iraunkorragoa eraiki behar dugu, bizitza bera iraunarazteko. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostenak eredu kapitalistari egotzi dio klima aldaketaren ardura eta ohartarazi du ez dela jasangarria.

Premiazkoa da beraz ekoizpen eta kontsumo eredua errotik aldatzea. Euskal Herrian eragiten dugun aztarna ekologikoaren arabera, kasik hiru planeta beharko genituzke bizirauteko. Zalantza izpirik gabe, guri Euskal Herritik eragitea dagokigu. Historikoki, borroka ekologistak ibilbide oparoa izan du Euskal Herrian, eta etorkizun hurbilean ere erronka garrantzitsuei aurre egin beharko die, nahiz eta estaturik ez izan, nahiz eta aldaketa horiek gauzatzeko baliabide nahikorik ez izan. Burujabetzaren beharra ere ezinbestekoa zaigu alor honetan.

Euskal Herrian ingurumenari kalterik handiena eragiten dituzten enpresak asko dira. Esanguratsuenak eta, era berean, boteretsuenak hauexek dira: Petronor (Muskiz), Exolum (Ribabellosa), Zabalgarbi (Alonsotegi), Sener (Neguri), FCC, Iberdrola (Bilbo), Energyworks (Gasteiz), REEren zentral elektrikoa (Ezkio-Itsaso), Bahia de Bizkaia (Zierbena), Boroako zentral termikoa (Zornotza), Cementos Rezola (Arrigorriaga eta Añorga), Cementos Portland (Olatzagutia), Cementos Lemona (Lemoa), Smurfit Kappa Group papertegiak (Iurreta, Zangotza), Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga (Hernani), Sader (Bilbo), Befesa (Erandio), Magna (Zubiri), Indumetal (Asua) eta Valle de Odieta etxaldea (Kaparroso).

Horiez gain, honako azpiegitura eta egitasmoen mehatxutik salbu ere ez gaudela salatzen dugu: AHT, Super Surren anpliazioa Bolintxun, Armentia II-ko gas proiektua (Subilla Gasteiz), Zubietako erraustegia eta Verter Recycling honkakindegia (Zaldibar).

Euskal Herrian, ingurumena kaltetu duten enpresa eta azpiegiturak multinazionalen esku daude kasu gehienetan. Ekozidioa eragin dute etekin handiak irabazi dituzten bitartean, langileen bizi-baldintzei erreparatu gabe kasu askotan. Trantsizio ekologikoari heltzeko eztabaida betean, ekozidioa eragin dutenek ordain dezatela exijitzen dugu. Ez dezatela trantsizio ekologiko hori herritarren eta langileen bizi-baldintzak are gehiago prekarizatzeko eta haien mozkinak gizentzeko baliatu. Horregatik, politika ekosozialistak aplikatzeko beharra nabarmentzen dugu, trantsizio ekologikoa modu ordenatuan egiten ez bada kapitalismo basatiena nagusituko delako bestela. Norabide horretan, administrazioek esku hartzea ezinbestekoa da, politika sozialistak aplikatuta, herritar guztien eskubideak babesteko.

Klima larrialdia dela eta, herri mugimenduak Euskal Herrian antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du Sortuk:

- Azaroak 6, larunbata, 18:30ean, Bilbon: Udaletxetik irtengo den manifestazioa “No hay tiempo. Justizia klimatikoa orain” lelopean.
- Azaroak 6, larunbata, 11:30ean, Donostian: Kontxako hondartzan egingo den mosaikoa. “Klima ez da negozioa” lelopean.