ALBISTEA


ekonomia eta bizi baldintzak

Ekologismoa erdigunera

2021-11-08

Ekologismoari buruzko Pod Casta, Jokin Bergara Eguren eta Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurrarekin.

Kongresu prozesuaren barruan, gogoeta eta eztabaida sustatzeko bigarren Pod Casta kaleratu du Sortuk, ekologismoari buruzkoa kasu honetan. Maialen Kortabarria Zabalak gidatutako saioan, bi gonbidatu izan ditugu: Jokin Bergara Eguren, Zaldibar Argitu plataformakoa eta Arrasateko kooperatiba-esperientzia begirada sozio-ekologiko batetik ikertzen ari dena, eta Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Zubietako erraustegia gelditu zuenetako bat, eta egun EH Bilduko Batzarkidea dena Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Solasaldian, gaurkotasun handiko gaiak landu dituzte, hala nola, greenwashinga, desazkundea erregaiak, kolapsoa, larrialdi klimatikoa edota Euskal Herrian ditugun erronkak.

Une honetan Glasgown egiten ari diren COP26 gailurrak antzezpenetik asko duela gogoratu dute.
IPCCren arabera, 2050erako gaindituko dugu 1,5º C-ko langa eta beraz mendebaldeko potentziek zerbait egin behar duela erakutsi beharra du. “Ez dakit itxaropenik gorde behar den bilera hauekin. Gogoratu behar da munduko hiru potentzia nagusi ez daudela bertan Brasil, Errusia eta Txina”, azaldu du Jokinek.

Ainhoa bat dator: “Hor dauden potentziak kapitalistak dira. Hain justu hori da ekologiaren arazorik handiena, kapitalismoa. Antzezlan bat egin nahi dute. Itxura egin nahi dute zerbait egiten ari direla, baina egiten ari diren gauza bakarra da beraien sistema kapitalista basatia berdez pintatu nahi dutela, politagoa gelditzen delako. Azkenean ekinbide berberetan jarraitzen dute. Kapitala bizitzaren kontra jarraitzea. Kapitalari garrantzia ematen jarraitu nahi dute bizitzaren alde aritu gabe”. Halere itxaropena sortzen diote kanpoan protestatzen eta borrokan ari diren mugimenduek.

Lehen, ekologismoa bazterrean zegoen gaia bazen, orain erabateko zentralitatea hartu du, erdigunera etorri zaigu. Kezka sozial eta politiko handiagoa dago, datu zientifikoak eztabaidaezinak dira eta. Politikari nagusiak konturatu dira eman behar dela irudi bat, kontrolpean dutela egoera, eta aterabidea emango diotela. Jokinen esanetan, “Santiago Muño antrolopogoak ondo aipatzen du jasangarritasuna ez dela kontu zientifiko bat, ezeren aurretik kontu politikoa baizik. Gizakiak sortu duen arazoa denez, soluzioak ezinbestean politikoa izan behar du”.

Euskal Herrian produzitzen eta kontsumitzen ari garen erritmoan mundu guztia ariko balitz, 2,6 lur-planeta beharko genituzke bizirauteko. “Kontua da gu horrela bizi garela, munduan beste leku batzuetan ditugulako erabat txikituak eta egoera ez duinetan bizitzen eta hori ez da justua”, uste du Ainhoak. “Gainera guk ere ezin izango genuke jarraitu. Gure aiton-amonek bizi ahal izan zutena guk izorratu dugu. Ez diezaiegun gure ondorengoei izorratuago utzi”.

Desazkundean dago gakoa, beraz. Jokinen iritziz, kontzeptua ez dago zertan deabrutu. Ikerketa batzuen arabera, desazkunde batetik jasangarria izango litzateke 70eko hamarkadan Euskal Herrian genuen kontsumo energetikoa. “Ez da kobazuloetara bueltatu behar garela planteatzea. Gure kontsumo mugagabe hau mugatu behar dugu”. Ez litzateke, hortaz, horrenbesteko errenuntzia izango gutxiagorekin bizitzea, kontuan hartuta beste gauza batzuetan aritzeko asti gehiago izango genukeela.

Ekosozialismoaz hitz egitearen premia azaleratu dute solaskideek. Ekosozialismoak aberastasunaren birbanaketa justua planteatzen du. Justizia sozialaren banaketa dimentsio ekologikoaren barruan gertatu behar da. Ondorioz, norberak egiten dituen hautuak ez dira iraultza bat bere horretan, baina garrantzi handia dute. Egiten ditugun ekintzetan eta hartzen ditugun erabakietan arreta jartzea ezinbestekoa zaigu, ondorioak baitituzte.

Begi bistakoa den moduan, etxe guztietan hiru automobil izatea ez da jasangarria, baina erabaki indibidual horiek, ezinbestean, erabaki estrukturalen eskutik joan behar dute. Ondorioak zeintzuk izango diren jakinik ere, etxe askotan auto bat baino gehiago daude lanera mugitzeko beharrezkoak direlako eta garraio publikoan ez baita behar besteko inbertsiorik egiten; alderantziz, murrizketak planteatzen dira kasu askotan. Horregatik, maiz, erabaki okerrak hartzera behartuta gaude, erabaki estrukturalen ondorioz.

Eta kapitalismo berdeaz galdetuta, hauxe da solaskideen iritzia: ekologismoa antikapitalista da, derrigor. Bizitzaren alde borroka egiten duen mugimendua da. Korporazio handiek greenwashing operazio bat jarri dute martxan, erregai fosilak energia berriztagarriekin ordezkatuko dituztela iragarriz, baina hori gaur gaurkoz zientifikoki ezinezkoa da.

“Hemen bataila bat eman behar da. Ez bakarrik gure bizitzengatik, ondoren etorriko diren belaunaldiengatik ere baizik”, Jokinen hitzetan. Beraz, parez pare dauzkagun erronkak handiak dira, Euskal Herritik bertatik hasita. “Euskal Herria tradizio ekologista potentea duen herri edo nazioa da”, dio Ainhoak. “Borroka ugari izan ditugu, markatu dutenak zer nahi dugun edota zer ez dugun nahi”. Euskal Herri luze zabalean hamaika talde, plataforma eta mugimendu daude, askotan gai konkretu batzuei erantzuna emateko. Ainhoak uste du garrantzitsua dela mugimendu hori guztia egituratzea eta aktore potente bilakatzea. “Gustatzen zait parekatzea Bilgune Feministaren erantzunarekin. Azkenean herri guztietan ezagutu ditugun mugimendu eta talde feministak txapel baten azpian jartzea lortu du”. Talde txiki horiek babes edo txapel horren pean, minimo batzuk finkatzeko gai izan beharko lukete. “Bada garaia, momentua da. Egoera honi nazio gisa erantzun behar diogu, erronka potente eta basati honi”.

Jokinek desazkundea hegemoniko bihurtzeko erronka mahai gaineratu du. “Artikulatu behar ditugu Euskal Herrian gehiengo sozial ekologistak”, uste du. “Borroka kultural horretan jarri beharko ditugu indarrak, mugimendu ekologista, ekosozialista, ahalik eta transbertsal eta zabalena izan dadin. Nazio ikuspegia garrantzitsua da. Fridays for Future eta horiek badute globala den ikuspegi bat, baina badago hutsune bat, Euskal Herritik eta Euskal Herrira begiratuko dion mugimendu ekologista potente bat artikulatzeko. Hor badugu zeregina”, uste du.