Txiki eta Otaegiren fusilatzeen 46. urteurrenaren harira, oroimen-ekitaldia egin du SORTUk gaur Oiartzungo kiroldegian, haien memoria gogora ekartzeko eta mundu zein Euskal Herri hobe baten alde hil direnen ekarpena balorean jartzeko.
Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiak, bere hitzartzean, injustizien aurkako borrokaren zilegitasuna eta beharra balioan jarri du, eta etorkizunera begira herri honek dituen erronkei aurre egiteko borrokan jarraitzeko beharra nabarmendu du. “Txiki eta Otaegi militante antifaxistak ziren. Europan izan den diktadura faxista odoltsuenetako baten aurka borrokatu ziren. Europako ezein herrialdetan omenaldi instituzionalak egingo zizkieten. Aitzitik, espainiar estatuan haien memoria jazartzen dute, kriminalitzatzen dute. Haiek borrokatu zuten Frankismoak bizirik jarraitzen duen seinale”, adierazi du.
Borrokaren zilegitasunaz mintzatu da ondoren. “Hemen gaude esateko sufragistek arrazoi zutela emakumeen bozka eskubidearen alde altxa zirenean, emakumeek gizonek adina eskubide izan behar zituztela defendatu zutenean, Angela Davisek esango lukeen bezala, emakumea pertsona delako ideia erradikala defendatu zutenean. Hemen gaude esateko Nelson Mandelak arrazoi zuela Apartheidaren aurka altxa zenean, baita Rosa Parkek, Malcom X-k eta Martin Luther Kingek ere beltzen eskubide zibil eta politikoen alde atxa zirenean. Hemen gaude esateko arrazoi zutela Stonewall tabernan sexu askapenaren alde altxa ziren gay eta lesbianek. Arrazoi zutela Gasteizko Martxoak 3ko langileek. Arrazoi zuten Lemoizen eta Garoñaren aurka borrokatu zirenak. Arrazoi zuten Txillardegik eta Elbira Zipitriak, euskaraz bizitzearen eta euskara biziberritzearen aldeko hautu erradikala egin zutenean. Eta arrazoi zuten, bai, 36ko gudariek eta Txikik eta Otaegik faxismoaren aurka eta herri honen askatasunaren alde altxa zirenean”.
“Hemen gaude omentzeko munduaren luze zabalean, historian zehar, zapalkuntzaren eta injustiziaren aurka, askatasunaren eta berdintasunaren alde, borrokatu diren pertsona guztiak. Hemen gaude omentzeko, Txiki eta Otaegi bezalaxe, independentziaren eta sozialismoaren alde borrokatu duten guztiak. Esateko haiei guztiei esker mundu hau eta herri hau bestela izango ziratekeena baino justuagoak eta hobeak direla”, esan du.
Egun, borrokatzeko inoiz baino arrazoi gehiago dagoela adierazi du SORTUko idazkari nagusiak. Horrekin lotuta eskuartean dauzkagun erronkak aipatu ditu, hala nola, krisia goikoek ordaindu behar dutela, ez behekoek; zibilizazio berri bat eraikitzeko beharra; eta burujabetza. “Hemen gaude esateko aurrerantzean ere borroka beharrezkoa dela. Gure eskubide nazionalak, gure askatasuna, Euskal Herri eta mundu justuago bat eskuratuko baditugu, borrokari esker izango da”.
“Bide horretan, inoiz baino gehiago herrian urtzea dagokigu. Betiko eremuetan, baina baita sekula aritu gabekoetan ere. Inork baino gehiago lan egitea komunitatearen alde, herriaren alde. Eta inoiz baino gehiago gauzak egitea komunitatearekin, herriarekin, eskuz esku eta orpoz orpo langileekin, langabeekin, feministekin, pentsiodunekin, gazteekin, etorkinekin... Batetik, herritik sortu ginelako; bestetik, herriari zor gatzaizkiolako; eta azkenik, eta batez ere, gauzak herriarekin eginez gero, beti-beti-beti asmatuko dugulako”.
“Horrekin batera, hemen gaude, herri gisa zutik, bizirik eta askatasunaren ateak parez pare zabalik, duela 60 urte belaunaldi oso batek herri hau bizkargaineratu zutelako; frankismo betean ikastolak, kooperatibak, helduak alfabetatzeko eskolak eta abar luze bat martxan jarri zituztelako; berpizkunde kultural eta nazional oso bat abiatu zutelako. Bada, Eta orduko haiek egin zuten bezala, gure buruari honako promesa egitera: guk ez dugu etsiko espetxean, erbestean eta deportazioan ditugun kide guztiak etxera ekarri arte. Baina, batez ere, guk ez dugu etsiko euskal estatu independente, sozialista, feminista eta euskaldun bat eraiki arte.
Bestalde, ekitaldian, Nazio Kontseiluko Kizkitza Gil de San Vicentek memoriaren garrantzia nabarmendu du. “Gertatu den hori ulertu dezagun, testuinguruan jarriz”, esan du. Herri honetan errelato partekatu, ez partidista eta interesatu bat eraikitzeko ardura eta heldutasun nahikorik ba ote dagoen galdetu du. “Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako klase politikoa ba al dago prest baieztatzeko hemen badela gatazka politiko bat, indarkeria adierazpen asko eragin dituena?
“Oroimenaren inguruan lehia politikoa sortu dute. Eta bitxia bada ere, memoriaren esparruan gatazka politiko bat sortu dute, justuki herri honetan gatazka politikoa ez dagoela aldarrikatzeko”, Gil de San Vicenteren hitzetan.