Euskal Herria Baik autonomia proposamena eta programa politikoa aurkeztu ditu abenduaren 14an, Baionako Larbeou jauregian eginiko ekitaldian. Alderdiak azken urteotan izandako gorakada oinarri izanik, eta 2026an abiatuko den hauteskunde zikloa ikusmiran, ekimen politikoa hartu du. Hala, Ipar Euskal Herriko herritarrei eta Parisi zuzendutako proposamena dela adierazi du, burujabetzan eta eskumenetan -24 eskumen zehazten ditu proposamenak- jauzi bat aurrera egitea posible dela nabarmenduz.
‘Ipar Euskal Herriarentzat Autonomia Estatutu baten oinarri politikoak’ deituriko dokumentuan jaso du EH Baik proposamena. Mathilde Haryk, alderdiko bozeramaileak, eta Txomin Casteings, koordinatzaile politikoak aurkeztu dituzte eduki nagusiak. Botere legegilea eta fiskala, eta berezko eskumen eremu zabala lukeen autonomia estatus bat da, bi urrats lituzkeena: Frantses Estatuarekin akordio politiko bat formalizatzea, eta akordio honen baitan, frantses Konstituzioan Euskal Herriaren aipamen berezitua egitea. Honako hauek lirateke, berriz, estatus berriaren hiru ezaugarri nagusiak: Ipar Euskal Herriko herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzea, euskarari estatus ofiziala aitortzea -egiazko hizkuntza politika garatzeko-, eta zazpi lurraldez osaturiko nazioa integratzeko borondatearen legitimazioa.
Testuinguru berezian egin du proposamena EH Baik: batetik, gatazka armatuari lotutako konponbiderako adostasun zabalek eta urratsek markatutako agenda politikoaren ostean, fase politiko berri bat abiatzen ari delako. Eta bestetik, Euskal Hirigune Elkargoak zazpi urteko ibilbidea egina duelako, zeinak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako zenbait politika garatzeko aukera emanagatik, mugak ere nabarmen azalarazten ari den. Halaber, Frantziako estatu ereduaren krisia ere areagotzen ari da egun.
Autonomia proposamenarekin batera, ‘Hemen posible da!’ programa politikoa ere aurkeztu dute Baionako ekitaldian. Hainbat esparrutako proposamenak zehaztu dituzte, hala nola ekonomiakoa, osasungintzakoa, hezkuntzakoa, feminismokoa, laborantzakoa, lurrari eta etxebizitzari lotua. Nola autonomia proposamena hala programa politikoa ere, elkarri zuzenki loturik daude, Ipar Euskal Herriak behar dituen erabaki ahalmenak eta tresnak mahai gaineratzen dituztelako. Eta biek ala biek islatzen dute EH Baik Ipar Euskal Herrian aldaketa politikoa bultzatzeko hartutako ardura eta ekimena.