ALBISTEA


ekonomia eta bizi baldintzak

Egungo testuinguru sozioekonomikoan, urgentziazkoa da sozialismorako euskal bidean sakontzen jarraitzea

2025-04-28

Maiatzaren Lehen honetan, euskal sindikalismoak berriz ere kaleak beteko ditu, langileen eskubideen alde eta herri honen burujabetza ekonomikoaren alde. Dena erabaki nahi dugu, dena eraldatu nahi dugulako.

Euskal Herrian badira baldintzak herri gisa hausnarketa propioa egiteko, munduan gertatzen ari diren aldaketen aurrean katarsi propioa egiteko, dagokigun erabakitze eskubidea aldarrikatu eta herri gisa irauteko beharko dugun egitura ekonomikoa bermatzeko.

Krisi anizkoitz baten erdian murgilduta dago mundua. Bigarren Mundu Gerraren ostean, mendebaldeko herrialdeen eta haien ekonomien zerbitzuan martxan jarritako egitura ekonomiko eta politikoak krisian sartu dira. AEBen lidergoa auzitan jarri dute Txinak eta BRICSen inguruan antolatutako herrialdeek, eta, jakina, egoera gatazkatsua eragin du horrek. Mendebaldeko ekonomiak nahi eta ezinean dabiltza; bitartean, aipatu ekonomia emergenteak urratsez urrats espazioa eta boterea irabazten ari dira. Hein berean, krisi ekologikoa eta klima larrialdia mahai gainean ditugu. Atzorako beharko luketen erabakiak atzeratzen ari dira, eta, zoritxarrez, indartzen ari diren posizioak oso kaltegarriak izan daitezke etorkizunari begira. Aste honetako argindar etenaldiak, adibidez, erakusten du beharrezkoa dela energia-eredu burujabeago batera deseskalatzea: hurbilagoa, publikoa, lurraldean integratua, berriztagarria, eta herritarron ongizatea helburu izango duena, eta ez akziodunen etekinak.

Berrogeita hamar urtetako globalizazio eta neoliberalizazio prozesuek pobretu eta prekarizatu gaituzte, herri eta klase gisa. Langileok eskubide sozial ugari galdu ditugu; ongizate sistema bera (hezkuntza, osasungintza, pentsioak...) eraisten aritu dira azken hamarkadetan, berau indartu beharrean; eta lan harremanen esparruan ere, kapitalarekiko indar harremana nabarmen okertu da, herri gehiengoaren lan eta bizi baldintzak nabarmen okertuz. Aurrekoa gutxi ez, eta zaintza krisiak sistema patriarkalaren ondorioak areagotu ditu emakumeengan.

Herri gisa, aspaldian pairatzen dugun subiranotasun ekonomiko ezaz gain, zentralizazio prozesu baten barnean koka daitezkeen zenbait erabakik dependienteago egin gaituzte, menpekoago. Esku hutsik edo, bederen, beharko genituzkeen tresnarik gabe gaude aldatzen ari den mundu horretan gure tokia eta erresilientzia bermatzeko.

Testuinguru zail eta konplexu horretan iraingarria da arduradun politiko eta instituzional gehienak eskatzen eta eskaintzen ari zaizkigun errezeta: herri langilearen dirua gastu militarrean xahutzea. Europak denon poltsikoetatik ateratako 800.000 milioi euro gastatu nahi ditu armagintzan! Lotsagarria! Aspaldi esan zion gure herriak NATOri ezezko borobila, eta 40 urte geroago, Euskal Herriko langileok argi eta ozen diogu: Gerrari ez, eta gerra ekonomiari ere ez!

Adierazi dugun moduan, sistema kapitalista krisi anizkoitz baten erdian sartu da. Egoera horren aurrean, badago joera autoritarioa indartu eta are larriagoak izan daitezkeen agertoki batzuetara eraman nahi gaituenik. Areago, sinetsarazi nahi digute aldaketa posible bakarra okerragora jotzea besterik ez dela. Aitzitik, krisia ere bada, bere horretan, aldaketarako aukera, eta hori da, hain zuzen ere, gaur aldarrikatzera gatozena. Kapitalismoak ez du etorkizunik eskaintzen, ez bada gerra, klima larrialdia eta era guztietako zapalkuntzak, dela langileena, emakumeena, migrazio kateena eta abar luze bat. Eta krisian, horiek guztiak borrokatzeko aukera dago, lehiarako aukera da irekitzen dena, bakoitzak bere herrian eta guk gurean baliatu behar duguna.

Bestelako jendarte eredu ekonomiko eta soziala behar dugu herritarron eta herrien eskubideak errespetatuko badira. Horretarako, merkatuaren logika gainditu, eta herritarron zerbitzura arituko den ekonomia demokratikoa eta planifikatua ezinbestekoa da. Gutxi batzuen interesen alde beharrean, herri sektore zabalen interesen alde egingo duen sektore publiko sendo eta zabala behar dugu. Hortaz, Maiatzaren Lehena ospatzera goazen honetan, herritar eta langile guztiontzat etorkizun duina eskain dezakeen sozialismoaren beharra aldarrikatzera gatoz, baita harantz hurbilduko gaituen Sozialismorako Euskal Bidea bera ere!

Arestian aipatu joerak gurean ere badira, baina Euskal Herrian bada egoerari behin eta berriz oldartu zaion Euskal Langile Herria ere. Maiatzaren Lehen honetan, euskal sindikalismoak berriz ere kaleak beteko ditu, langileen eskubideen alde eta herri honen burujabetza ekonomikoaren alde. Dena erabaki nahi dugu, dena eraldatu nahi dugulako. Gurean, langile mugimendu indartsu bat dugu une honetan, adibidez, lanbide arteko gutxieneko soldata duin bat Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen ari dena; gurean, geroz eta indar handiagoa duen ezkerreko subiranismoa dugu, bestelako eredu sozioekonomiko baten alde lanean ari dena instituzioetan zein kalean; gurean, zaintza sistema publiko baten beharra mahai gaineratu duen mugimendu feminista zabala dugu; gurean, gizartean geroz eta gehiago diren pentsiodunentzat bizi baldintza duinak aldarrikatzen duen mugimendua ere badugu; etxebizitza, osasungintza edota hezkuntza eskubideak bermatzeko greba eta mobilizazioak antolatzen dituen herria ere bagara; eta prekarietatearen aurka behin eta berriz altxatzen den euskal gazteria ere badugu... Euskal Herriko gehiengo sindikalak, ezkerreko subiranismoak, mugimendu feministak eta borroka sozialetako eragile sozial nagusiek agenda propioa dute eta, zorionez, horretan ari dira. Euskal Herrian badira baldintzak herri gisa hausnarketa propioa egiteko, munduan gertatzen ari diren aldaketen aurrean katarsi propioa egiteko, dagokigun erabakitze eskubidea aldarrikatu eta herri gisa irauteko beharko dugun egitura ekonomikoa bermatzeko; finean, nazio askapen prozesua azkartzeko eta sozialismoaren bidean gure ekarpen eta bide propioa egiteko. Horretara goaz!

Bestelako eredu ekonomiko eta soziala posible dela sinisten dugu. Hitzez eta ekintzez eraikitzen da etorkizuna, eta horretan ari gara. Horregatik, sozialismoaren aukera eta beharra aldarrikatzen dugu, eta Euskal Herritik urratsez urrats bide propioa egitera dei egiten dugu: Sozialismorako Euskal Bidea. Biharko LAB sindikatuak antolatu dituen mobilizazioetan parte hartuko dugu, eta gauza bera egitera animatzen zaituztegu. Etzi Euskal Estatu Sozialista eta Feminista eraikitzen jarraituko dugu, norabide horretan ari direnekin elkarlanean eta aliantzak eraikitzen, indarrak biltzen, hedatzen, etsipenaren kontra ideien lehian eragiten, eta Euskal Herrian geroz eta gehiago garela erakusten.
Gora Maiatzaren Lehena!
Gora Euskal Herri sozialista eta feminista!

Euskal Herrian, 2025eko apirilaren 30ean.