SORTUk doluminak eta elkartasuna helarazi nahi dizkie Oier Gomez preso politiko ohiaren senitarteko eta adiskideei une latz hauetan. Haren heriotzak dimentsio bikoitz bat utzi du agerian: batetik, Oier Gomezen eskuzabaltasuna, eta bestetik gaixorik larri dauden presoen errealitate krudela.
Preso ohi gasteiztarrak gazte-gaztetatik erakutsi zuen bere herriarenganako konpromisoa. Haren ekarpenak arrasto sakona utzi du bere ingurunean.
Horrez gain, gaixorik larri dauden presoen errealitate gordina azaleratu da berriro ere. 2012ko urrian diagnostikatu zioten Hodgkin linfoma eta 2013an ekin zion kimioterapiari. Kartzelak berriz azaleratu zion gaixotasuna, harik eta 2017an metastasia aurkitu zioten arte. Herri mobilizazioari esker bertan behera utzi zioten zigorra eta aske utzi zuten .
Juan Mari Maiezkurrenaren kasuan bezalaxe, hain zen larria Oierren gaixotasuna, ezen hiltzen uzteko baino ez baitzuten aske utzi. Eta hori onartezina da. Onartezina da gaixotasun larri eta sendaezina duten preso politikoak hiltzeko baino ez askatzea. Izan ere, presoek duintasunez bizitzeko eskubidea izan beharko lukete, eta gaixorik direnek haien gaitza duintasunez tratatzeko eskubidea izan beharko lukete.
Beste behin ere SORTUk exijitzen du gaixotasun larri eta sendaezina duten preso guztiei kartzelaldi arindua ezartzeko. Espetxea ez da lekua gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten pertsonentzat, ingurune horrek gaitza detektatzea eta sendatzea zaildu ez ezik, gaixotasuna bera nabarmen areagotzen baitu kartzelan diren bizitza-baldintzengatik.
Beste behin ere, gatazkaren konponbide integralean berehala inplikatzeko eskaera egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei. Konponbide horretan, presoen egoerak du lehentasuna, batez ere gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoerak. Guztira, gaixorik larri dauden 21 preso daude. Berehala espetxe arindua jar diezaieten ditzaten eskatzen dugu. Oier azkena izan dadin espero dugu.
Gaixorik larri dauden presoen kaleratzea exijitzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du SORTUk.