Donostia hiri ezagutezin bihurtu digute urte gutxian. Begira ezazu ezker-eskuin. Dena da frankizia, rental shop, pisu turistiko, bideokamera, “ezin da pasa”, “se vende” eta “próxima apertura”. Hiria aldatzen ari da gure inguruan, ikusten dugun horretan eta baita lehen begiradan ikusten ez denean ere. Hiriko egitura ekonomikoan eragiten dituzten aldaketek bertako harreman komunitario eta sozialetan dituzte ondorioak.
Kapitalismoarentzat, gaur egun, hiria ez da merkatuaren eszenatokia; hiriak mundu mailako merkatuan saltzen diren produktu bihurtu dira. Beren inbertsioak hiri batean zein bestean kokatuta dituzten kapitalista handiek elkarrekin lehiatzen dute, hiri bakoitzari ezaugarri batzuk atxikituz, inbertsio horiek etekin bihurtzeko. Prozesu horretan tokian tokiko biztanleek ez dugu zer esanik, aipatutako prozesuen ondorioak pairatzea besterik ez zaigu egokitzen.
Orokorrean, hiriez gain, kapitalismoak gure bizitzako eremu guztietara hedatu nahi du merkatua, eta horrela, guk gure bizitzako esparru guztietan nola bizi nahi dugun erabakitzeko gaitasuna galtzen dugu. Nork erabakitzen du zer jaten dugun? Guk erabakitzen dugu ala supermerkatuan dauden aukera mugatuen artean hautatzera kondenatuta gaude? Nork erabakitzen du non bizi garen? Nork erabakitzen du zertan ematen dugun aisialdia? Zertaz eztabaidatu eta hitz egiten dugun? Nolako harremanak ditugun ingurukoekin? Nola zaintzen dugun gure burua eta gorputza?
Gure bizitzen gaineko burujabetza berreskuratzeko bidea egin behar dugu. Isolaturik eta babesgabe merkatuen menpe geratzen gara. Gure bizitzako eremu bakoitzean (bizitokia, osasuna, ekonomia, hezkuntza, kultura…) zer izan nahi dugun eta nola bizi nahi dugun erabakitzea eta hori gauzatzea lan kolektiboa soilik izan liteke. Ezinbestekoa da gure ingurukoekin batera antolatzea: bizilagunekin, lankideekin, ikaskideekin, lagunekin, senideekin…
Gure bizitzako beharrak kolektiboki antolatuta asetzea da indibiduo babesgabe izatearen aurrean alternatiba bakarra. Elkartasuna eta elkar-zaintza da logika kapitalistatik kanpo funtzionatzeko bidea. Arazo pertsonal bezala kontatzen dizkigutenak partekatutako arazo sozialak direla ohartu; elkarrekin lehian jartzen gaituzten dinamiketatik ihes egin; bizitzaren sostengua ahalbidetzen duten jarduerak baloratu eta babestu.
Bizitza burujabeak eraikitzen joateko dinamika partzial eta txikiak sortu behar ditugu eta pixkanaka-pixkanaka horiek elkarrekin konektatzeari ekin. Honela Donostia mailan hiriaren birjabetze sozialerantz doan sare geroz eta zabalagoa josi behar dugu. Herritarrok gure hiriaren jabe egiteko bide bakarra gure bizitzako esparru bakoitzean burujabe egin eta elkar lotzea izango da. Aldi berean, burujabetzarako oztopo eta eraso ororen aurrean altxa eta borrokatzea ere ezinbestekoa da.
Euskal Herri mailan ere ez dugu zer izan eta nola bizi nahi dugun erabakitzeko eskubiderik aitortuta, eta, beraz, logika berean lan egin behar dugu. Tokian tokiko proiektuak konektatu eta kapitalismoaren zein bahituta gauzkaten espainiar zein frantziar estatuen logikatik kanpo dauden dinamikak hedatu behar ditugu. Antolakuntza da funtsezko osagaia; gertuko eremuetatik nazio mailara. Eta burujabetza osoa da norabidea; pertsona burujabez osatutako herri burujabea.