Atzo ekin zioten Sortuko aktibistek salaketari, Donostiako bi jabe handiren etxebizitza banatan (Erdialdean eta Grosen). Erreserba epealdia igarota, haietan jarraituko zutela iragarri zuten. Ordutik, hainbat ekintza egin dituzte; gaur goizean, Katalunia plazako bi eraikin seinalatu dituzte. Lehena Azora funts putrearena da: egun, errenta zaharra mantentzen duten bizilagun gutxi batzuk bizi dira bertan; gainerakoak, sei pisu turistiko -haietako batean daude aktibistak asteburutik-, eta etxebizitza hutsik dira.
Bigarrena, Telefonicaren eraikina zen (90eko hamarkadan Espainiako Estatuaren enpresa pribatizatu zuten), eta hark inbertsio funts bati saldu dio; hemen ere, hotel bat egiteko saiakera egin dute. Lizentzia lortu ez dutenez, salerosketara bideratutako luxuzko etxebizitzak egiteko proiektua dute, milioi bat eurotik gorako prezioan. Informazio hori zabaltzen aritu dira aktibistak Katalunia plazan, esku-orriak banatuz eta bertan jarritako informazio-zutabeen bidez.
Hain zuzen, hauxe da funts putreen modus operandia: eraikin osoak bereganatzen dituzte, bertako maizterrei alokairu kontratuak amaitukoan ez berrituz, edo neurrigabeko igoerak inposatuz. Modu horretan, eraikinak bizilagunez hustu eta espekulaziorako erabiltzen dituzte, hotelak eginez edo pisu turistiko bihurtuz. Arazo hori ohikoa bihurtu da Donostian, eta zehazki, Gros auzoan. Hain zuzen, auzo hori da Donostian etxebizitza publikorik ez daukan auzo bakarretakoa.
Aktibistek, ekintza horiek egitearekin batera, arratsalderako deialdiaren berri ere eman dute: gaur, 19:00etan, manifestazioa egingo dute Katalunia plazatik udaletxe aurrera, ‘Eskubideekin ez da espekulatzen. Etxe eta bizitza duinak denontzat’ lelopean. Bertaratzeko deia egin die herritarrei, egoera salatzeko eta konponbideak eskatzeko.
Beñat Lusarreta Sortuko kideak Eneko Goia Donostiako alkateak Gobernu Batzordearen ostean leporatutakoei erantzun die. Goiaren esanetan, arauak denontzat berdinak dira eta, gehiago edo gutxiago gustatu, betetzeko daude. Lusarretaren esanetan, “hasteko, Goiaren gobernuak legea moldatu zuen, atzeko atetik, lehenengo pisutik gorako pisu turistikoak zuritzeko”. Bestetik, “ez dituzte egin beharreko kontrol lanak egiten jabe handiek arauak bete ditzaten”. Azkenik, Sortuko kidearen hitzetan, “joko arauak jabe handien aldekoak dira, eta aldatu egin behar dira. Horretara datoz, besteak beste, etxebizitza legeak. Baina ez dira betetzen ari”. Etxebizitza larrialdiak berehalako esku hartzea exijitzen duela gogorarazi du, besteak beste, tentsio guneak izendatuz, prezioak mugatzeko.