ALBISTEA


gora herria

Desparasitazioa

2020-01-25

Parasito batzuek besteen izerdiarekin fortuna handiak pilatzen dituzten bitartean, langileak prekarietatera kondenaturik daude. Hamaika arrazoi daude urtarrilaren 30ean greba egiteko

“Onartezinak dira kapitalismo basatiak eragiten dituen ezberdintasunak. Confebask eta CEN pozik egongo dira. Gu, ez. Eta Urkullu jaunaren arduragabekeria salatzen dugu, jendearen zerbitzura egon beharrean, parasitoen interesek lehentasuna baitute berarentzat”,

Aktibista-talde batek Bilboko burtsaren sarrera prezintatu eta eraikina itxi du gaur goizean, modu sinbolikoan. Ekintza horren bidez, SORTUk salatu du gutxi batzuek fortuna eta botere ikaragarri handia metatzen duten bitartean, gehiengoari gero eta zailagoa zaiola duin bizitzea. Horregatik, desberdinkeria sozialak amaitzeko eta guztiontzako bizimodu duina aldarrikatzeko, hilaren 30eko greba orokorrean parte hartzeko dei egin du.

“Ez dago eskubiderik! Parasito batzuek besteen izerdiarekin fortuna handiak pilatzen dituzten bitartean, langileak prekarietatera kondenaturik daude: urtarril honetan zortzi langile hil dira! Euskal Herrian, parasitorik handienak, Daniel Matek, 1.660 milioi euroko ondare garbia dauka. Bizkaiko Foru Aldundiak 2020 urte honetarako duen aurrekontuaren parekoa! Euskal Herrian, 10 aberatsenek 6.800 milioi euro metatzen dituzte”, adierazi du Maider Lazkano bozeramaileak.

Izan ere, batzuk aberasten ari diren bitartean gaizki pasatzen dutenak gero eta gehiago dira. Hego Euskal Herrian, pobrezia egoeran eta bazterketa arriskuan bizi diren pertsonak 437.000 dira. Horiekin guztiekin San Mames bezalako zortzi estadio bete litezke.

Ekintza honen bidez, egoeraren larritasunaz ohartarazi du SORTUk. Aurten, dagoeneko lagun bi hil dira kale gorrian eta beste zortzi behargin lan-istripuz. Espainiako gobernuek ezarritako lan erreformen ondorioz, hil amaierara heldu ezinik dauden behargin kopuruak gora egin du. 1.200 euroko gutxieneko soldataren eskariarekin eta enplegu alorrean hemen erabakitzearekin bat egiten du. Horrekin batera, pentsiodunen eta alargunen ezinegona nabarmendu du, eta 1.080ko pentsio minimoen defentsa egin du. Neurri horiek guztiak abian jartzeko burujabetza ere aldarrikatu du gure herriarentzat, eskumen-ezak eta kanpo-injerentziek eragozpenak baino ez baitakartzate, eta herritarrek duintasunez bizitzeko neurriak hartzea zailtzen digute sarritan –Auzitegi Gorenak baliogabetutako beken aferarekin gertatu den moduan, esate baterako–.

“Onartezinak dira kapitalismo basatiak eragiten dituen ezberdintasunak. Confebask eta CEN pozik egongo dira. Gu, ez. Eta Urkullu jaunaren arduragabekeria salatzen dugu, jendearen zerbitzura egon beharrean, parasitoen interesek lehentasuna baitute berarentzat”, Lazkanoren esanetan.

Hamaika arrazoi daude Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako egindako greba deialdia jarraitzeko. Euskal Herrian eskumenak eta erabakitzeko ahalmena behar ditugu, gure beharren araberako politika sozialak eta ekonomikoak erabakitzeko: pentsio sistema propioa, lan araudi propioa, zaintza-lanetarako eta kontziliaziorako arauak ere gauzatzeko. Azken batean, burujabetza behar dugu.

Instituzioek eta aldierdiek jendearen zerbitzura lan egin behar dute. Herritarrok duintasunez bizitzea merezi dugu. Inolako injerentziarik gabe. Urtarrilaren 30eko greba gure bizitzen aldeko greba dela uste dugu, demokrazioaren aldekoa, elite neoliberalek ezartzen duten inposaketaren aurkakoa.