ALBISTEA


ekonomia eta bizi baldintzak

Deskonektatu elektriketatik

2021-09-20

Oligopolio energetikoaren xantaia salatzeko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko indar politiko subiranistok bat eginik, itzalaldia eta kazola-jotzea antolatu ditugu urriaren 8rako.

Geure herriek ez dute burujabetzarik iruzur elektrikoari eta horren erantzuleei aurre egiteko

Galiziar, katalan eta euskal herritarrok fronte komun bat osatu dugu oligopolio energetikoaren mehatxuen aurka, Espainiako Gobernuak iruzur elektrikoari egiturazko neurriekin aurre egiteko erakutsi duen borondate eta ekintza falta salatzeaz gain. Geure herriek ez dute burujabetzarik iruzur elektrikoari eta horren erantzuleei aurre egiteko. Horregatik, Llotja de Mar-ko adierazpena sinatu genuen indar politikook berriz ere bat egin dugu xantaia horri modu bateratuan erantzuteko, eta herritarrei dei egiten diegu urriaren 8rako antolatu dugun itzalaldi masiboa eta kazola jotzean parte har dezaten, 22:00etatik 22:30era bitartean.

[Adierazpena]: Deskonektatu elektriketatik. Haien burujabetzaren aurrean, burujabetza energetikoa
Menpekotasun energetiko eta politikoa oztopo bat da herritarrak enpresen gehiegikerietatik babesteko

Argindarraren prezioa maximo historikoetan; fakturak igotzen; enpresa elektrikoak aberasten, herritarrak pobretzen eta Espainiako Gobernua hori baimentzen. Hori da, hain zuzen ere, herritarren aurka egiten ari den iruzur handiaren laburpena. Iruzur horrek ondorio larriak izan ditu familietan, enpresa txiki eta ertainetan edo denda txikietan. Gobernuek, politikariek, elektrikoek eta guztiek partekatzen dituzten interes ekonomikoek sortutako eta baimendutako iruzurra.

Haiek izan ziren, Espainiako Estatua gobernatu duten alderdiak, bai PSOE eta baita PP ere, enpresa publikoak pribatizatu, saldu eta desegin zituztenak, sistema desarautuz eta "merkatuaren" esku utziz. Administrazio Kontseiluek kontrolatzen eta manipulatzen duten merkatuaz ari gara, bi alderdiotako presidente eta ministro ohiez osaturikoa. Helburu bakarrarekin: energia bezalako funtsezko ondasun baten kontura aberastea.

Horrela eraiki zuten haien neurrira eginiko merkatu elektrikoa, energia merkeena garestienaren prezioan ordaintzera iristeraino. Argindarrarekin espekulatu eta manipulatzen dute merkatua, ura edo haizea bezalako ondasun publikoen bitartez. Oligopolioko enpresa handiek, Endesa, Iberdrola edota Naturgyk, milioi askoko irabaziak metatzen dituzte urtero, kontsumitzaileei dirua lapurtzen eta ekoizleei lurraldeak ebazten dizkieten bitartean, ondorio sozial eta klimatiko oso larriak eraginez. Zerutik eroritako etekinak dituen sare oso bat osatu dute urteotan, argindar konpainietako akziodunen poltsikoetan amaitzen dena. Negozio biribila.

Egoera horren aurrean, eskandalu horri aurre egiteko neurri koiunturalak eta adabakiak besterik ez ditu hartu Espainiako Gobernuak, iritzi publikoaren eta indar politiko subiranisten eta aurrerakoien presioak derrigortu duen arte. Eta enpresa handien onurei eragingo dien neurri bakarra hartu duenean, enpresa xantaia egin diote eta mehatxura jo dute; ez bakarrik Espainiako Gobernuari, baita argindarraren faktura merkatuko zaiela espero duten milaka herritarrei ere. Eliteen eta gehiengo sozial eta herrikoien arteko pultsu baten aurrean gaude, finean.

Bada, guk, katalanek, euskal herritarrek eta galiziarrak, fronte komun bat osatu dugu gaur oligopolio energetikoaren mehatxuen aurka, Espainiako Gobernuak iruzur elektrikoari egiturazko neurriekin aurre egiteko erakutsi duen borondate eta ekintza falta salatzeaz gain.

Izan ere, gure herrialdeek, Herrialde Katalanek, Galizak eta Euskal Herriak, ez dute iruzur elektrikoari eta horren erantzuleei aurre egiteko beharrezkoa dugun subiranotasuna. Gure parlamentuak eta gobernuak Espainiako Estatuari lotuta daude, eta horrek guzti hori gertatzea ahalbidetzen du. Gaur-gaurkoz, merkatuan esku hartu ahal izateko, oligopolio elektrikoari aurre egiteko eta gobernuak ausardia faltagatik hartu nahi ez dituen neurriak martxan jartzeko tresna propioak ukatzen zaizkigu.

Espainiako Estatuarekiko dugun menpekotasun energetiko eta politikoa oztopo argi bat da gure herritarrak enpresek egiten dituzten gehiegikerietatik babesteko. Prezioei muga jartzea, arlo publikotik esku hartzea eta kontrolatzea eragozten digu horrek. Tarifa propioak, arau propioak, merkatu propioak eta, beraz, irtenbide propioak sortzea eragozten digu. Azken finean, publikoa zena berreskuratzea galarazten digu.

Gure herriek subiranotasun energetikoa ez izateak oso garesti ateratzen zaigu galiziarroi, katalanoi eta euskal herritarroi. Bada garaia gure nazioen eraikuntzan ere burujabetza energetikorantz aurrera egin dezagun, ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak izan ditzagun, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra errespetatzeko, oinarrizko ondasun eta eskubide gisa.

Horrexegatik, oligopolioaren xantaia onartezinari elkarrekin erantzungo diogu. Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako herritarrei xantai horri era bateratuan erantzuteko deia luzatzen diegu, argindarraren itzalaldi masiboa eta kazola-jotzea egin dezaten datorren urriaren 8an, ostiralez, 22:00etatik 22:30era. Aldi berean, sindikatuak, udalerriak, gizarte eragileak eta mota guztietako elkarteak gonbidatzen ditugu egitasmo honekin bat egitera, gure nazioetatik mezu argia bidaltzeko argindarraren prezioaren gorakada etengabearen aurka.

Itzali ditzagun argiak eta egin dezagun zarata, gure haserrea eta gure amorrua entzun dezaten.
Deskonektatu elektrikoetatik!

Sinatzaileak:

- Esquerra Republicana
- EH Bildu
- BNG
- Junts
- Més per Mallorca
- CUP
- Més Menorca