ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Deportazioarekin berehala amaitu behar da

2022-04-30

Duela lau hamarkada deportazioaren fenomeno alegal eta irregularra abiarazi zuten espainiar eta frantziar estatuei zentzugabekeria oinarritutako zigor hori behingoz indargabetzeko urratsak egin ditzaten exijitu die Sortuk.

"Euskal Herrian bizikidetza osasuntsu eta normalizatu bat, ahalbidetuko duen eredua eraikitzeko, ezinbesteko baldintzetako bat dugu, arrazoi politikoengatik deportatu, iheslari eta presorik ez egotea”

Izan ere, deserrian abandonatutako pertsona horiek ez dute defenditzeko inolako eskubiderik haien egoerak ez baitu euskarri legalik. Arrazoi politikoengatik deportazioan, ihesean eta kartzelan inor ez egotea ezinbestekoa da, Euskal Herrian bizikidetza osasuntsu eta normalizatua eraikitzeko. Horrez gain, Sorturen Nazio Kontseiluko Haimar Altunak herritarrei dei egin die bakoitzak bere eremutik eragiteko askapen prozesua bururaino eraman ahal izateko.

Bi urte betetzen diren honetan Txetxu Urteaga deportatu politikoa Venezuelan hil zela, deportazioaren aurkako ekitaldia egin da gaur Azkoitian. Bi estatuek sortutako arazoak oraindik orain konpondu gabe jarraitzen duela azaldu du Haimar Altunak. ”Espainiako eta Frantziako agintariak ados jarri ziren dozenaka euskal herritar kanporatzeko, eta horretarako munduko beste hainbat gobernurekin tratuetan jardun behar izan zuten. Lau hamarkada geroago, oraindik zortzi euskal deportatu politikok jarraitzen dute sakabanatuta munduan barrena,inolako babes juridikorik gabe”.

“Oraindik indarrean den zentzugabekeria honek, amaitu behar du, ezin ditzakegulako ahaztu deportazioan diren zortzi lagunez gain, munduan sakabanaturik daudela beste 25 iheslari politiko. Lehenbailehen. Preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera bidean jartzeko salbuespen neurriek bertan behera gelditu behar dute. Bada garaia norabide horretan urratsak egiteko·, adierazi du.

Altunaren esanetan, “Euskal Herrian bizikidetza osasuntsu eta normalizatu bat, ahalbidetuko duen eredua eraikitzeko, ezinbesteko baldintzetako bat dugu, arrazoi politikoengatik deportatu, iheslari eta presorik ez egotea”.


JAUZI BERRI BAT

Horrez gain, askapen prozesua sendotzearen beharra dagoela nabarmendu du Altunak. “Berretsi nahiko genuke badagokigula askapen prozesuaren baitan jauzi berri bat ematea, eta emango dugu. Argi dugulako, ez gaudela ‘bakarrik’ gure proiektu politikoa diskurtsiboki defendatzeko, gure helburu estrategikoak bururaino eramateko baizik”.

“Horregatik guztiagatik, aurreko belaunaldien enbor beretik, euskal matxinadaren grina berriz ere bizkar gainean jartzea dagokigu, gure ametsak eta ilusioak errealitate bihurtzeko borrokan jarraitzea dagokigu, kalean, lantokietan, instituzioetan, ikastetxeetan, espetxeetan, eta eragin dezakegun eremu guztietan. Esan bezala, gure askapen prozesua sendotzea dagokigu, Euskal Herri euskalduna nahi bai dugu biharko, euskal herri feminista, euskal herri sozialista, euskal herri zoriontsua nahi dugu, jende zoriontsuz osatua”, adierazi du.

“Gurea da erantzukizuna, gugan bizi da atzoko gazteen gogoa, euskal herri aske eta burujabea irudikatzen dugulako”, Nazio Kontseiluko kidearen esanetan.