‘Independentziarako Indarra’ lelopean, manifestazio jendetsua egin du Sortuk Donostiako kaleetan barrena, Kontxako estropadetako bigarren igande honetan. “Gaurko egunez, jaia eta aldarria uztartu nahi izan ditugu“, adierazi die Aritz Arzallus Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoak hedabideei manifestazioa hasi aurretik. “Baina, jai giroan egon arren, azpimarratu nahiko genuke garai ezegonkorra ari garela bizitzen, baita Euskal Herrian ere. Eta ez da katastrofe natural bat, batzuek saldu nahi diguten moduan. Egoera honek erantzuleak ditu, izen abizenak dituztenak”, esan du.
Arzallusen esanetan, “herri honetan, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen sakoneko eraldaketa horretarako, lidergo berri bat behar da. Guk argi dugu lidergotza hori, Euskal Herrian, eta zer esanik ez berehalakoan Gipuzkoan, ezker independentismoak hartu behar duela”.
“Sakoneko eraldaketa horri, bultzada ematera dator independentziarako indarra, guztia alda dezakeen indarraz ari gara, indar feminista, indar euskalduna, sozialista, ekologista, bakegilea... kolore askotako indarra hain zuzen”.
“Eta ez gara etsipenean eroriko; ez baitago ezer idatzita. Horregatik, guri idaztea, borrokatzea tokatzen zaigu. Euskal Herrian badago alternatiba, eta senti dezagun posible dela. Borrokatzeak merezi duelako”.