Africa United kultur arteko elkarte antiarrazistako kideek eta SORTUko militanteek, performance erako protestaldia egin dute ostiral goiz honetan Iruñean, arrazakeria eta bortizkeria poliziala salatzeko. AEBetan George Floyden hilketaren harira, gaurko ekimenak gogora ekarri digu Errotxapea auzoan antzeko hilketa arrazista gertatu zela 2016an: Elhadji Ndiaye senegaldarra Polizia espainiarraren esku zegoela hil zen.
Euskal Herrian ere ez gaude arrazkakeria eta indarkeria polizialetik salbu. Salaketa hori plazaratu dute SORTUko eta Africa United elkarteko kideek gaur goizean, Espainiako poliziak Elhadji Ndiaye hil aurretik atzeman zuen lekuaren aurrean. Lore eskaintza egin ondoren, ekimenean parte hartu dutenak belauniko jarri dira ukabila altxata, berriki AEBetako Poliziari aurre egin zion emakume beltzak egin bezala.
Arrazismoaren eta polizia bortizkeria salatzeko protestaldiaren ostean, Modou Fayek eta Ainhoa Urrutiak nabarmendu dute kazetarien aurrean gu guztion bizitzek inporta dutela. “Arrazakeria estrukturala, estatu arrazakeria eta lege arrazista eta inhumano guztiekin amaitzeko borrokatuko dugu. Guztiok barneratuta dugun arrazakeriaren aurka borrokatuko dugu. Milaka lagunek ikusi, sentitu eta pairatzen duten, eta beste guztioi gure buruetan horrenbeste ikustea kostatzen zaigun arrazakeria horren aurka”, adierazi dute, eta faxismoaren eta arrazakeriaren aurka borroka egitearen garrantzia nabarmendu dute.
Bihar, larunbata, 12:00etan leku horretan (Marcelo Zelaieta eta Artica kaleen artean) ‘Black lives matter’ goiburupean egingo den kontzentrazioarekin bat egin dute parte hartzaileek eta bertaratzeko dei egin dute.