ALBISTEA


herrigintza/plaza hutsa

Bizitzak eta lurraldeak. Iritzi artikulua

2019-04-03

Joseba Garmendia, Beñat Irasuegi, Patri Perales eta Elena Belokik sinatutako artikulua.

Modernizazioaren jauzi kualitatibo baten aurrean aurkitzen gara, historiaren azkartze fase berri batean. Kapitalismo global finantzarioak krisi sistemikoak jotako mundua utzi digu: modernitate kapitalistak planetaren muga biofisikoekin egin du topo; aberastasunaren metaketa hazkorrak eta demokraziaren pribatizazioak ongizate estatuak ihartu eta mediazio egitura liberalak auzitan jarri ditu; eta nazio-estatuen higadurak krisi kultural bat gehitu du, merkatuaren eta estatuaren gaineko kontrolik ezak sortutako identitate galeraren ondorioz. Espainia eta Frantzia, behiala nazio-estatu indartsuak izan zirenak, potentzia ekonomiko mundialak eta modernitatearen ikurrak, krisi larrian aurkitzen diren sistema politikoak dira egun. Kaosa ortzimugan, ziurgabetasunez eta arriskuz baina, era berean, aukerez jositako aro berrian.

Testuinguru historiko hain konplexu honetan, azelerazio historiko baten zurrunbiloan, premiazkoa zaigu herri gisa antolatzea. Gure bizitzen eta lurraldeen gaineko erabakimena da krisi-aro honetako erresistentzia fronte nagusia. Zer ari dira aldarrikatzen, funtsean, gaur egun, mugimendu sozial eta herritar eraldatzaile emantzipatzaileak? Transbertsala den ideia erradikal eta demokratiko bat: subiranotasuna edo burujabetza. Eta, hain zuzen, euskal burujabetzaren aldeko herri ekimena biziberritzeak soilik eman diezaioke erantzun baikor bat aro honi. Burujabetza formala eta materiala, estatus juridiko-politiko berrien eskaerak eskutik behar baitu burujabetza materiala eraikitzea helburu duen herrigintza.

Erronka kolosalen aurrean aurkitzen gara, noiz eta sistema instituzionalaren ahalmenak inoizko mugatuenak direnean. Gizarte konplexua da gurea eta demokrazia liberalaren tresneria instituzionala indarge ageri da, erronka konplexuei erantzun eraginkorrak emateko ezgai. Herri erronka nagusiei heltzeko baliabide komunitario guztiak aktibatu beharko dira, eta inoiz baino beharrezkoagoak izango dira instituzioen eta gizarte zibilaren ekimenaren arteko elkar-elikatze prozesuak; esan bezala, burujabetza materiala eraikitzea helburu duten behetik gorako egitasmoak, praktika komunitario sakon bat.

Euskal Herrian garapenarekin eta eraldaketa sozialarekin loturiko esperientzia aberatsak ditugu, herri eta eskualdeetatik behetik gorako bultzadaz eraiki direnak. Izan ere, iragan mendearen bigarren erdialdean, herri hau gai izan da gizarte zibil antolatuaren ekimenez premia sozial oinarrizkoei erantzun berritzaileak emateko. Oinarri demokratikoetan, identitate komunitarioetan eta elkarlanaren kulturan sustraitzen diren praktika hauek askotarikoak izanik ere, udal oinarriko instituzionalizazioa, tokiko garapena eta jendartea erdigunean jartzen duten ekonomia eta enpresa ereduak konbinatzen dituzte beren adierazpen aurrerakoienetan.

Iragan ziklo politikoak kapital izugarria metatu du herrigintzaren ikuspegitik, pentsamendu eta praxi dentsitate handia, oraindik ere behar besteko arretaz aztertu ez duguna eta bere neurrian baloratzen ez dakiguna. Atzerako begirada honek etorkizuna irudikatzeko balio digu. Jabetu behar dugu Euskal Herria esperimentazio eremu aintzindaria izan daitekeela Europa mailan eraldaketa proiektu komunitarioei dagokienez –batzuek berrikuntza soziala deritzotena, beste batzuek tokiko iraunkortasuna, Ipar Euskal Herrian eraikuntza dinamika alternatiboez hitz egiten da–. Euskal Herrian, datozen lau urteetan, tokiko botere instituzionalaren eta eragile komunitarioen artean sinergiak artikulatzeko izango ditugun baldintzak itzelak dira, beste inon baino hobeak. Probestu ditzagun.

Jauzi bat emateko garaia da. Izan ere, praktika aberatsak izanik ere, beraien tratamendua, azterketa eta sustapena ez dago sistematizatua, ez eta sinergietan mesedegarri gerta dadin koherentziaz landua ere. Era isolatuan ernatzen dira orokorrean eta bere potentzialtasunaren mugetatik urrun geratzen dira oraino. Faltan sumatzen da praktikaren ezagutza jasoko duen narratiba aglutinatzailea eta eraikin metodologikoa. Baita ikasketa prozesu jarraituan beste leku batzuetako egitasmo sozialak arakatuko dituen lanketa ere. Honi ekarpena egitera dator ‘Bizitzak eta lurraldeak’ nazioarteko konferentzia, praxi komunitarioaren gutxieneko corpus teorikoa definitu eta interbentzio ildoen gaineko ikuspegi konpartituak eraikitzen saiatuz.

Gogoeta espazio kolektibo bat irekiko dugu, gaian interesa duten euskal eragile sozial, politiko, ekonomiko eta sindikalekin konpartitu nahi duguna. Hurrengo galdera hauen erantzunen bila abiatuko gara:

- Zein inteligentzia estrategiko beharko dugu?

Gure lurraldeen garapen ekonomikoa zein eredutan oinarritu behar dugun erabakitzeko, lurraldeen behar eta gaitasunak ondo ezagutzeko, sortu edo sustatu behar diren proiektu berriak identifikatzeko, eta udalgintzak bide hauek garatzeko ikuspegi estrategiko kolektiboa behar dugu; gure lurraldeetan sortu eta jasotzen dugun informazioarekin bizitzak kontuan izango dituzten proiektu estrategikoak lantzeko.

- Zein instituzionalizazio eredu?

Gaur egungo sistema instituzionalaren mugak ezagutzen ditugu, herritarrengandik urrundutako eta kanpo interesei erantzuteko juridikoki babestuak dauden instituzioak dauzkagu esku artean. Baina mugak ezagututa, bizitzak eta lurraldeak erdigunean jarriko dituen praktika instituzional berri bat sortzen ari gara. Garapen ekonomikoa herritarren beharretara bideratzeko tresnak izango dituena, boterea instituzio itxitik herritarrengana hurbilduko duena, herritar, herrigintza eta jendartea erdigunean jartzen duten eragile ekonomikoekin elkarlanean estrategia eta ekimenak garatuko dituena, beste instituzioekin konpetentzian baino elkarlanean saretuko dena.

- Zein baliabide material eta jabetza eredu horretarako?

Estrategia eraldatzaileak garatzeko, lurraldeen beharretara eta herritarren bizitzetara egokituko diren baliabide materialak sortu eta kudeatu behar dira. Baliabide hauek, gaizki ulertutako publiko-pribatu dikotomiatik harago joan beharko dute eta jabetza komunitarioan oinarritutako ereduetara bideratu. Baliabide material eta inmaterial libreek herritarren, eragile sozialen eta instituzio publikoen eskura egon behar dute, erabilera oinarri, jabetza-titularitateari garrantzia kenduz eta jabetza eredu komunitarioak indartuz.

- Zein balore eta printzipiotan oinarrituta?

Beharrezkoa da balore indibidual eta kolektiboen berritze bat, bizitzak kapitalaren gainetik jartzeko eta lurralde burujabeak lantzeko herritartasun berri bat sortuko duena. Udalgintzarako, estrategia eraldatzaileak garatzeko zein lanaren esparrurako, parekidetasuna, denon ongizatea, elkartasuna, aberastasunaren banaketa, iraunkortasuna, demokrazia, informazioaren gardentasuna, pertsona eta kolektiboen zaintza eta antzeko baloreak landuko dituzten konpromiso berriak zehaztu eta garatu beharko dira. Hori instituzio, enpresa, eragile sozial eta herritarren ardura eta lanketa kolektiboa izan beharko da.

Apirilaren 9, 10 eta 11ean ‘Bizitzak eta lurraldeak’ konferentzian ikusi eta ikasitakoak lau haizetara zabalduko ditugu, urrats berriak ematen jarrai dezagun.