ALBISTEA


herrigintza/plaza hutsa

'Bidaide', jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan

2025-01-13

Bizpahiru urteko hausnarketa prozesuaren ostean, Sortuk jatorri eta kultur aniztasunari buruzko gogoeta jaso du 'Bidaide' liburuxkan. Orain, proposamena militantziarekin lantzeko aldian da.

Hemen da 'Bidaide. Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan' liburuxka. Sorturen III. Kongresuan jatorri eta kultur aniztasuna eremu estrategikotzat jo genuen. Geroztik, eremu horretaz gogoeta estrategikoa egin dugu; iragan ekainean egindako Nazio Konferentzian onartu genuen proposamena izan da horren emaitza. Eta bertan jaso ditugu eremu honi dagokionez datozen urteetan oinarri izango ditugun analisia, gogoeta eta proposamenak.

Bidaide izena jarri diogu aipatutako proposamenari (irakurri HEMEN). Bidaide garelako hemen bizi eta lan egiten dugun guztiok. Bidaide, elkarrekin goazelako, batera. Eta bidaide, gogaide ere bagarelako. Ezen, elkarrekin ibili ez ezik, Euskal Herria elkarrekin pentsatu eta eraiki nahi dugulako.

Proposamen hau Sortuko kideon artean lantzeko barne mailako hainbat aurkezpen saio egingo ditugu herri eta eskualdeetan urtarrilean eta otsailean.