ALBISTEA


sortu

Bi uruguaiar omenduko ditugu Konferentzian

2022-07-14

Merezi duten errekonozimendua eskainiko diegu Nazio Konferentzia honetan Gloria Zuazola eta Eduardo Santibañezi urteetan Euskal Herriari emandako babes eta laguntzagatik.

Gloria Zuazolak eta Eduardo Santibañezek euskal askapen prozesuarekin erabateko engaiamendua erakutsi dute hamarkada luzeetan.

Gloria Zuazola eta Eduardo Santibañez uruguaiarrek merezi duten errekonozimendua jasoko dute larunbatean, Lakuntzan, Sortuk egingo duen Nazio Konferentziaren baitan. Modu honetan, Sortuk esker ona adierazi nahi die bi lagun horiei, euskal askapen prozesuari eman dioten laguntza eta babes guztiagatik.

Gloria Zuazolak eta Eduardo Santibañezek euskal askapen prozesuarekin erabateko engaiamendua erakutsi dute hamarkada luzeetan. Dozenaka euskal herritarrekin zuzeneko harremana izan dute biek ala biek. Erreferentziazko bi pertsona dira Uruguaitik pasa diren euskal militante, preso ohi eta ikasleentzat. Haien harrera ezin hobea izan zen, gainera, Sortuk 2019an Eskala Politikoa egin zuenean.

Gloria Zuazola iritsi da Euskal Herrira, larunbateko ekitaldian parte hartzeko. El Filtroko sarraskiaz geroztik, oso harreman estua izan du Euskal Herriarekin. Euskal jatorrikoa, diasporaren jardueretan eta sare sozialetan oso aktiboa da.

Osasun kontuak direla eta, Eduardok ez du ekitaldira etortzerik, baina zuzenean parte hartuko du bideokonferentzia bidez.

Ostiralean, solasaldiekin hasiko da Konferentzia
Konferentzia Politikoa urteroko hitzordu nagusia da Sorturen komunitatearentzat.

Konferentzia Politikoa urteroko hitzordu nagusia da Sorturen komunitate politikoarentzat, bai elkarrekin egoteko aukera eskaintzen duelako, bai datorren kutsorako plan politikoan sakontzeko tresna baliagarria delako.

Aurten bi eguneko konferentzia politikoa egingo du Sortuk. Ostiral arratsaldean hasiko da zenbait solasaldirekin. Horietatik, nagusia Emilio Santiago Muiño gizarte-antropologian doktorearen eskutik etorriko da. Gure garaia ulertzeko gakoak eskainiko dizkigu. Bizi garen garain beste mundu berri batera igarotzeko oinarriez, trantsizioaz, ariko da.

Ondoren beste lau solasaldi egongo dira, baina bertaratutako militante bakoitzak hautatuko du zein jarraitu, gai ezberdinetan sakondu ahal izateko. “Munduari so” izenburukoan Pernando Barrena, Martin Arbeo eta Elena Beloki izango dira. Munduko joerak aztertuko dituzte euskal herritik: ordenuaren aldaketak, gerrak, ekonomia politikoa, botere-arkitektura...

“Zibilizazioa krisian” izenburukoan, aurrean duguna klima larrialdia edo energia krisia askoz gehiago dela azalduko dute Joseba Azkarraga Etxagibel eta Ainhoa Intxaurrandietak. Horri guztiari euskal nazio askapenaren logikatik nola erantzun dakiokeen aztertuko dute.

“Egungo naziogintza” solasaldian parte hartuko dute Asier Etxenike, Lur Albizu, Txomin Poveda, Edurne Benito del Vallek eta Floren Aoizek. Naziometroko azterketak oinarri hartuta euskal naziogintzaren egoera aztertuko dute. Abertzaletasunean, iruditerian eta diskurtsoetan behar diren egokipenez ariko dira.

Azkenik, Antonio Gomez Villar eta Andoni Olariagak “Errepliege usaina dario” solasaldia eskainiko dute. Ugaltzen ari diren pultsio kontserbadore, autoritario, retrotopiko eta esentzialisten aurrean ezker eraldatzaileak dituen erronkez ariko dira.

Larunbatean, Nazio Batzarra eta tailerrak

Larunbat goizean, nazioarteko lagunei eskerrak eman ondoren, amaitzen ari zaigun balantzea egingo du Sorturen batzarrak eta datorrenera begira plan politikoaren ardatzak zehaztuko dira, Kongresuan ezarritako ildoan sakontzeko. 12:45ean hedabideak sartu ahal izango dira pilotalekura, Arkaitz Rodriguezek hitzaldia jarraitzera. Hitzartzea streamming bidez ere jarraitu ahal izango da Sorturen YouTubeko kanaletik.

Bazkalostean, militanteek tailerretan parte hartuko dute bertaratuek: euskara, hezkuntza, feminismo, ekologismo, sozio-ekonomia, naziogintza, komunikazio eta artibismokoan parte hartu ahal izango dute.