Sortuk Plaza Hutsa egin du gaur goizean Durangon; momentu politikoaz, Euskal Herriaz eta, batez ere, herrigintzaz hausnartzeko urteroko hitzordua. 400 lagun baino gehiago bildu dira herriko hainbat gunetan egindako tailerretan eta Plateruenako solasaldi nagusian. Ideia argi bat nabarmendu dute: aldaketarako herri gogoa bizi-bizi dagoen honetan, balio eta printzipioen eraldaketa bultzatzeko garaia da, eta herrigintza horretarako ezinbesteko tresna da. Egunerokoan eremuz eremu horretan aritzeko konpromisoa eta ilusioa agertu dute bertan bildutakoek, esperantzaren eta utopiaren banderak eskutan.
Une politiko berezian iritsi da aurten Plaza Hutsa, Xabi Iraola Sorturen herrigintzako arduradunak amaierako hitzartzean nabarmendu duenez: “Askapen prozesuan urratsak egiteko aukerak zabalik daude Euskal Herri osoan. Hego Euskal Herrian, nazio auziaren eztabaida erdigunean egongo da espainiar estatuan ireki berri den legegintzaldian, eta aukerak zabalduko dira aurrera urratsak egiteko. Ipar Euskal Herrian, mugimendu abertzaleak etapa instituzional berri baten beharra azpimarratu izan du, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak berak ere horren premia azpimarratu du”.
Ziklo politiko berri batean sartzen ari garela gaineratu du, hori berresten dute hiru prozesu azalduz: “Batetik, hegemonikoak izan diren proiektu politikoak (UPN eta EAJ) herritarrekin konektatzeko gaitasuna galtzen ari dira. Bestetik, ezker independentismoaren hazkundea iraunkorra da, eta hauteskunde emaitzetatik harago doa. Eta azkenik, aldaketaren aldeko herri gogoa oso sendoa da, igaro den udazkeneko kale aldarrietan ikusi dugun gisara”. Gaineratu du orain “aukera paregabea” dagoela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeetan, aldaketa gogoa instituzioetara ere eramateko: “Gure ustez, EH Bildu da aldaketa gogo hori ordezkatzen duen aukera politikoa.
Hain zuzen, aldaketa politiko hori sakondu eta errotzea da herrigintzaren misio nagusia. Iraolak esan duenez, gertatzen ari den aldaketa herritarren balio eta printzipioenarekin lotua dago. “Gurean bada herrigintza praktika zabal bat, eta, zentzu komun berri bat eraikitzen laguntzea haren ekarpen nagusienetako bat”. Horrekin batera, badu bigarren funtzio bat ere: komunitatea indartzea, eta, batez ere, herri proiektu batekiko atxikimendua sortzea.
Hori esanik, herritarrok eraldaketarako bidea abiatzeko eta herrigintzara batzeko gakoak zein diren azaldu du: aldaketa posible dela sinestea; egingarriak diren eraldaketak zehaztu eta martxan jartzea; abian diren proiektu eta egitasmoak indartu eta berriak sortzea; parez pare ditugun erronkei epe ertainean erantzuteko proposamenak eraberritzea –gaurkoan, solasaldi nagusian, euskal sozialismoaren oinarriak gaurkotzeko gogoetaren zirriborroa aurkezte dute, ekonomia ekologikoa eta feminista bidelagun–; baina, batez ere, utopia eta esperantzara lotzea. “Euskal Herria ez dago salbu eskuin muturraren agendaren eraginetik. Baina, gurean, distopiatik urruntzeko borrokatik baino gertuago gaude utopiarantz garamatzan bidetik”.
Sortuk herrigintzako zazpi eremu estrategiko zehaztu zituen azken kongresuan, eta, horietako bakoitzean tailerrak egin dituzte. Jatorri eta kultur aniztasunarenean, gogoeta estrategikoa berritzeko lehen mugarria jarri dute, bi urteko hausnarketaren ostean: “Inoizko Euskal Herririk pluralenean bizi gara jatorriari eta kultur aniztasunari dagokionez, eta hori herri eraikuntzaren prozesuan aukera bezala ikusten du Sortuk”. Hain justu, horren oinarriak landu dituzte.
Euskarako tailerrean, jauzi baten beharraz gogoetatu dute: erabileraren jaitsiera, ezagutzaren moteltzea, eta transmisioan etena sumatzen den garaiotan, hizkuntza politika berriez eta euskalgintza indarberritzeko bide posibleez eztabaidatu dute. Ekologiaren kasuan, garaiko erronka nagusienetakoaren aurrean, mugimendu ekologista garaikide eta indartsu baten premiaz gogoetatu dute, auzia agendaren erdigunean jartzeko eta Euskal Herritik erantzunak eman ahal izateko.
Feminismoko tailerrean, zaintza eskubide unibertsalaren aldeko borroka izan dute mintzagai nagusiki, epe ertainera begira jarriz eta borroka horri ekarpena nondik eta nola egin hausnartuz.
Hezkuntzakoan, Euskal Herria hezitzaileari begiratu diote, alegia, hezkuntza behetik gora eraikitzeari. Goizane Arana UEMAko kideak Orioko hezkuntza proiektua azaldu du; Zefe Ziarrustak Dimako Eskolaren Hizkuntza Proiektua egiteko prozesua herri mailako hizkuntza proiektua nola bilakatu zen aletu du; Aitor Nuñezek Gasteizko jantokien esperientzia aurkeztu du.
Etxebizitzaren lantaldean, egun Euskal Herrian dagoen etxebizitzaren arazoa jorratu dute Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko kidearekin eta Iratxe Delgado LABekoarekin. Halaber, etxebizitza borroka gaurkotzeaz eta esperientziez ere aritu dira. Azkenik, herrigintza eraldatzailearen tailerrean, proiektu politikoa, nazio eraikuntza eta burujabetza materiala uztartzen dituzten esperientzia eta praktikak jorratu dituzte, tartean, ekonomia sozial eraldatzailekoak.