ALBISTEA


sortu

Bakea, ogia, arrosak

2022-12-12

Kapitalismoak eragindako anabasa lehenbailen aldatzeko anbizioa aldarrikatu du Sortuk Europako Ezkerraren Kongresuan, Vienan.

Kapitalismoak gizateria eta planeta bera amildegi ertzera eraman dituen honetan, gauzak aldatu ahal izateko anbizioa aldarrikatu du Sortuk Europako Ezkerraren Kongresuan. Arkaitz Rodriguez idazkari nagusia eta Elena Beloki nazioarteko arduraduna Vienan izan dira asteburu honetan, Europako Ezkerrak “Peace, bread and roses” (bakea, ogia eta arrosak) lelopean eginiko zazpigarren Kongresuan.

Aurreko kongresuan, 2019koan, erabaki zuen Europako Ezkerreko Alderdiak Sortu kide behatzaile izendatzea. Antolakunde honek Europa osoko ezkerreko alderdiak biltzen ditu.

Arkaitz Rodriguezek, kongresu honetan eginiko hitzaldian, nabarmendu du kapitalismoak eragindako anabasa lehenbailehen gelditu behar dela. Hala, hiru aspektu nabarmendu ditu: lehenik, Ukrainako gerra gelditu eta auziari lehenbailehen elkarrizketa bidezko irtenbidea eman behar zaiola adierazi du.

Bigarenik, herri- eta langile-klaseen ongizatea bermatu beharra aldarrikatu du. “Aberastasunaren banaketa erradikala sustatu beharra dago, alternatiba ez baita bestela pobretze orokorra baino”, adierazi du. Energia- eta etxebizitza-merkatuan esku hartzea proposatu du. Horrez gain, soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak indatzeko politiken alde eta aberastasuna birbanatzen lagunduko duen zerga erreformaren alde egin du.

Eta hirugarrenik, ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-ereduaren aldaketa erradikala gauzatzea planteatu du, kapitalaren logikatik kanpo. “Trantsizio ekosozial justu eta demokratikoa behar dugu. Zibilizazio berria behar dugu, zibilizazio sozialista, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituena”. Horretarako kultura- eta balio-aldaketek duten garrantzia nabarmendu du. Era berean, herrientzako burujabetza ere eskatu du.

Kapitalismoak eragindako testuinguru zail honetan, aukerak ere badaudela gogoratu du. Horregatik, anbizioa aldarrikatu du, borroka eginez gero, gauzak alda daitezkeelako, eta boterea ere eskura daitekeelako.