ALBISTEA


sortu

Babes zabalarekin onartu dute ‘Herri gogoa’ ponentzia Sortuko militanteek

2025-12-29

Asteburuan ponentziaren zuzenketak bozkatuta, kongresuko lehen fasea bukatu dute. IV. Kongresua urtarrilaren 24an amaituko dute Irungo Ficoban, zuzendaritza hautatu ostean.

‘Herri gogoa’ ponentzia ondu eta onartu dute Sortuko militanteek, hilabeteetako gogoeta prozesuaren ostean. Asteburu honetan, abenduak 26-28, bozkatu dituzte ‘Herri gogoa’ ponentziaren zuzenketak. Urriaren 22an aurkeztu zuen ponentzia Nazio Kontseiluak, eta honako hau jaso zuen bertan, besteak beste: azken 10-15 urteotako bilakaeraren balantzea eta egungo egoeraren irakurketa; Sorturen berrezaugarritzea, misioa eta zereginak; antolaketa eta funtzionamendu proposamena. Oinarri hori izan dute eztabaidagai urriaren 23tik azaroaren 29ra egindako ehundik gora herri batzarretan. Hortik abiatuta, dozenaka zuzenketa egin dituzte hainbat sortzailek eta Nazio Kontseiluak berak (prozesuan zehar militanteek egindako ekarpenak aintzat hartuz). Bestalde, militanteen ahalik eta ekarpen gehien ponentzian barneratzeko asmoz, bozkatu diren zuzenketen erdia baino gehiago Nazio Kontseiluaren eta zuzenketa-egileen artean adostutakoak izan dira. Modu horretan aberastu eta osatu dute 'Herri gogoa' azken hilabete hauetan.

Onartu berri duten bide-orriaren arabera, nazio askapen prozesuari ekarpena egin asmoz, aurrerantzean mugimendu izaeran egingo du indar Sortuk: «Gure ekarpen behinena askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan egitea ahalbidetuko dugu». Hala, herri gogoa pizteko gai izango den «eskala handiko nazio bulkada bat» martxan jartzeko ardura euren gain hartu dutela adierazi dute. Bestetik, munduaren luze-zabalean zein espainiar eta frantziar estatuetan indartzen ari diren autoritarismoaren eta eskuin muturraren kontrakarrean, Euskal Herrian eraldaketa sozial eta politikoa posible dela azpimarratu dute, Euskal Herriak oinarrian dituen balio antifaxista eta demokratikoak medio. Azkenik, herritarrek ezkerreko independentismoari eskainitako konfiantza eta arduraz jabetuta, EH Bildu eta EH Bai are gehiago indartzeko apustua berretsi dute.

Abenduaren 11n aurkeztu zuen Nazio Kontseiluak zuzenketa partzialen memoria, eta ordutik bigarren herri batzarrak egin dituzte hainbat herri eta eskualdetan, memorian sakontzen jarraitzeko. Hala, prozesu aberasgarri eta metakorra izaten ari da Sorturen IV. Kongresua: urri amaieratik orain arte ehundik gora herri batzar egin dituzte Euskal Herri osoan, eta 2.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte gogoeta prozesuan.

Urte berriarekin batera iritsiko da Sorturen IV. Kongresuko hurrengo mugarria: zuzendaritzaren hautaketa fasea. Urtarrilaren 7an aurkeztuko ditu Nazio Kontseiluak zuzendaritza- eta kudeaketa-organoetarako hautagaitza proposamenak, eta 8tik 14ra aurkeztu ahal izango dira hautagaitza alternatiboak. Hilaren 18an publikatuko dira behin betiko hautagaitza guztiak, eta urtarrilaren 21tik 23ra bozkatuko dituzte sortzaileek.

Urtarrilaren 24an emango diote itxiera kongresu prozesuari, Irungo Ficoban egingo duten batzar-ekitaldian. Hilabeteetako prozesua ixteko eguna izango da, eta bertan aurkeztuko dute datozen urteetarako Sorturen bide-orria eta zuzendaritza berria. Bertaratzeko izen ematea zabalik dago dagoeneko www.kongresua.sortu.eus atarian.