ALBISTEA


sortu

Azkartu dezagun aldaketarako aukera, askapen prozesuan jauzi handiak egiteko

2023-12-14

Sortuk Nazio Batzarra egin du herrietako arduradun politikoekin, Euskal Herrian indartzen ari diren aldaketarako aukerez jabetzeko, eta haren aldeko lanean berresteko

Sortuk Nazio Batzar delegatua egin du herrietako arduradun politikoekin. Une politikoaren azterketa partekatu dute, besteak beste, Euskal Herriko hiru errealitate administratiboetan zabal-zabalik diren aldaketarako aukerak aztertuz. Euskal Herriak dituen erronkei herri gisako erantzunak eman beharra azpimarratu dute Arkaitz Rodriguezek, Kizkitza Gil de San Vicentek eta Xabi Iraolak egindako hitzartzeetan, eta horretarako aliantza eta elkarlan esparru zabalen premia onetsi dute.

Ezker independentismoa inoizko indartsuen dago, azken hauteskundeetan berretsi den moduan. Horrez gain, udazkenean izandako herri mobilizazio jendetsuek ere erakusten dute aldaketarako gogo hori. Horregatik, aukera eta nahi horiek indarrez eta ilusioz bultzatzeko konpromisoa adierazi du Sortuk, independentziarako indarra biltzeko eta askapen prozesua azkartzeko helburuz.

Ezker independentismoak hauteskunde ziklo honetan jokoan asko zuela esanez ekin zion udaberriari, besteak beste, instituzioetako indar-korrelazioek eta horietako norabide politikoak herritarron bizi baldintzak eta Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuko zituztelako. Bada, udal, foru eta nafar parlamenturako hauteskundeak eta Espainiako Gorteetarakoak igarota, balantzea positiboa da. Horren froga dira EH Bilduren gorakada, edo Nafarroako eta Espainiako Gobernuen osaera. Horrek guztiak aukera berriak ireki ditu, tartean, nola ez, lurralde auziaren gaineko eztabaida irekitzekoa. Eta EAEko legebiltzarrerako hauteskundeak ere aldaketaren bidean sakontzeko mugarri garrantzitsu bat izango dira; izan ere, EAEko egungo gobernuaren politikak eta gobernantza eredua bera agortuta daude, hainbat sektoretako protestek edo EAJren beraren krisiek erakusten duten gisara.

Halaber, udazkena herri mobilizazio jendetsuen aldia izan da: Palestinaren aldekoak, euskararen oldarraldiaren aurkakoa, greba feminista orokorra... Jendarteak aldaketarako gogoa argiki adierazi du kaleetan ere. Bestelako lidergo eta politiken beharra nabaria da, eta hori ezker independentismoaren eskutik etor daiteke, euskal herritarron bizitzak erdigunean jarriz parametro subiranista eta eraldatzaileetatik. Hori sustatuko du Sortuk, ezker independentismoaren eragiteko gaitasuna ahalik eta handiena izan dadin.