ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Auzi politiko berri baten eraikuntza

2021-07-07

Auto judizialik ez badago ere, orain arte hiru operazio polizial egin dira, presoei egiten zaizkien harrerak aitzakiatzat hartuta. Sortuko sei militante dituzte jo-puntuan.

Auzi politiko berria eraikitzen ari dira euskal preso politikoei egiten zaizkien harrerak edo ongietorriak aitzakiatzat hartuta. Eraikitzen ari diren sumario berri horren jo puntua dira Oihana San Vicente, Antton Lopez Ruiz, Haimar Altuna, Kai Saez de Egilaz, Oihana Garmendia eta Pipe San Epifanio Sortuko kideak. Eraso honi gehitu behar zaio astelehenean hasiko den 13/13 auziaren epaiketari. Azken batean, biek dute lotura politikoa, biek dutelako oinarrian jarduera politiko antzekoak, jarduera politiko zilegi eta legalak beti ere.

Auzi berri honen atzean auto judizialik ez badago ere, orain arte hiru operazio polizial egin dira, presoei egiten zaizkien harrerak aitzakia hartuta. Bulkada Guardia Zibilaren eta Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren eskutik etorri da.

Testuingurua

Behar baino askoz ere beranduago izan arren, eta motelago, espetxe politikaren normalizazioaren bidean aurrera pausoak ematen ari diren honetan dator auzi politiko honen eraikuntza. Astelehenean hasiko den 13/13ko epaiketa ere testuinguru horretan kokatzen dugu. Estatu sakona, botere faktikoak eta bere estoldak haien esku dagoen guztia egiten ari dira eta egiten jarraituko dute herri honetan bakearen eta bizikidetza demokratikoaren bidean inolako urratsik egin ez dadin.

Jarduera politiko zilegien kriminalizazioa

Jarduera eta legalak kriminalizatu nahi dituzte auzi politiko honetan, astelehenean hasiko den epaiketan egin gura duten moduan. Preso politikoei eginiko harrerak, emandako asistentzia lana, azken batean preso politikoen eta haien senideen eskubideen defentsa kriminalizatzen ari dira.

Zergatik jartzen dute fokua preso politikoen harreretan behin eta berriz? Bi arrazoigatik: lehenik, preso politikoei hamarkadetan zehar eta baita oraindik ere salbuespeneko espetxe politika aplikatu zaie; bigarrenik, ezkutatu nahi dute estatuaren biolentziaren inpunitatea, estatuko biolentziaren arduradunen inpunitatea. Presoak preso egon dira, beren erantzukizunengatik “ordaindu” dute, baina zenbat ordaindu dute Estatuaren biolentziaren arduradunek, gerra zikinaren kriminalek edota torturatzaileek eta haien arduradun politikoek? Zero.

Erantzukizunak

Operazio politiko judizial berri honen erantzukizuna, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak ez ezik, preso politikoen harrera horiek behin eta berriz kriminalizatzen dutenek ere badute. Presoen eskubideak, defentsa eta asistentzia kriminalizatzen dute. Exijitzen diegu ez ditzaten baldintzak eraiki atxiloketarik edota auzi politikorik gerta daitezen.

Estatuaren biolentziak amaitu behar du

ETAren biolentzia aspaldi desagertu arren, Aieteko Konferentziatik hamar urtera Espainiako Estatuak jarraitzen du auzi politikoak eraikitzen, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala euskal independentistak atxilotzera eta jazartzera bidaltzen. Noiz desagertu behar du Estatuaren biolentzia gure bizitzetatik? Bada garaia Estatuak bere biolentzia politikoa behin eta betiko erretira dezan. Bada garaia auzi politiko honi irtenbide politiko eta demokratiko bat eman diezaion.

Larunbatean, mobilizazioak
Larunbatean Bilbon eta Donostian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egin die herriarrei, 13/13 epaiketa salatzeko, errepresioa behingoz amai dadin exijitzeko eta gatazka politikoari aterabide justu, politiko eta demokratikoa eman dakion.

Euskal gizarteak aspaldi hartu zuen erabaki bat: bakea eraikitzea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzea. Inork ez du onartuko agertoki hori zapuzterik. Inork ez du onartuko herri hau atzera itzularazterik, askatasuna eta bakea nahi dituelako.
Sortuk larunbatean Bilbon eta Donostian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egin die herriarrei, 13/13 epaiketa salatzeko, errepresioa behingoz amai dadin exijitzeko eta gatazka politikoari aterabide justu, politiko eta demokratikoa eman dakion.