ALBISTEA


ekonomia eta bizi baldintzak

Aurre egin oligopolio lapurrari

2022-10-27

Energia-krisi betean, oligopolio energetikoaren irabazi zantarrak salatu ditu Sortuk Euskal Herriko kaleetan. Langile eta herritarren bizkar bizi diren lotsagabe horiei aurre egiteko dei egin du.

Neoliberalismoaren eta estatu frantziar zein espainiarraren apustua, besteak beste, energia fosilen, nuklearren eta irabaziak gutxi batzuen eskuetan metatu dituen oligopolioan oinarritu da.

Energia-krisi betean, oligopolio energetikoaren irabazi zantarrak salatu ditu Sortuk Euskal Herriko kaleetan, 2022 honetako lehen bederatzi hilabeteetan Iberdrolak 3.104 miloi euroko eta Repsolek 3.222 milioi euroko irabazi garbiak izan dituztela jakin ondoren. Izan ere, onartezina da enpresa energetiko handiek euren etekinak justifikatzeko eta kutsatzen jarraitzeko darabilten 'greenwashing' edo zurikeria hipokrita. Hala, langile eta herritarren bizkar bizi diren lotsagabe horiei aurre egiteko dei egin du Sortuk.

Eskuorri informatiboak banatu ditugu Hego Euskal Herriko 39 herritan, Iberdrola eta Iberdrolaren irabazien berri emanez. “Josu Jon aberatsagoa da. Zu, pobreagoa” irakur daiteke. Izan ere, Gasolinaren prezioa maximo historikoetan sartzen hasi zelarik, Josu Jon Imazek 4,24 milioi euro irabazi zituen iaz (2020an baino %15 gehiago). Eskuorrietan ere hauxe irakur daiteke: “Ignacio Galan aberatsagoa da. Zu, pobreagoa”, argindarraren prezioak abuztuan maximo historikoak gainditu bazituen ere, Iberdrolako presidenteak 13,2 milioi euroko irabaziak izan baitzituen iaz (aurreko urtean baino %8,23 gehiago).

Herri horietako hormetan, gainera, tamaina handiko salaketa-muralak ere jarri ditugu, 169 guztira. Horietan hau irakur daiteke: “Iberdrola-Repsol lapurrak. Trantsizio ekologiko justua eta demokratikoa”, “Energia-burujabetza. Hemen ekoiztu, aberastasuna banatu”.

Neoliberalismoaren eta estatu frantziar zein espainiarraren apustua, besteak beste, energia fosilen, nuklearren eta irabaziak gutxi batzuen eskuetan metatu dituen oligopolioan oinarritu da. Egun pairatzen ari garen krisi ugariak ez dira kasualitatearen ondorio, neoliberalismoak planeta eta gizateria amildegiaren ertzera eraman baititu. Okerreko erabaki horiek eragin dute, azken batean, klima-larrialdia, krisi energetikoa edo gerra egoera. Erantzuleak dira beraz, Iberdrola eta Repsol, IBEX-35 eta arma-industria, putre-funtsak eta bankuak, elite ekonomiko eta finantziaroak. Erantzuleak dira hamarkadetan aplikatutako politika neoliberalak. Eta erantzuleak dira hamarkadetan politika neoliberalak aplikatu dituztenak, beraiek baitira gerraren, harrapakeriaren, esplotazioaren, aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren erantzuleak.

Igandean Lemoizko instalazioetako teilatutik aldarrikatu genuen moduan, posible da sakoneko aldaketa bat gauzatzea, antolatu eta borroka eginez gero. Horixe da Lemoizko borrokak utzi zigun lezio nagusia, posible dela. Horregatik azaroaren 12an Bilboko kaleak betetzeko dei egiten dugu, aldaketaren olatua martxan jartzeko, eta hiru aldarri zehatzekin: gerrarekin amaiera, aberastasunaren banaketa eta burujabetza. Hautsi dezagun oligopolioaren nagusikeriarekin eta bera sustengatzen duten estatuekin.