ALBISTEA


sortu

Asteburuan, zuzenketa partzialen bozketa

2021-12-13

Asteburuan bozkatuko dira Herrigaia ponentziako zatikako zuzenketak.

Azken egunotan, egileekin adostasunetara iritsi ondoren, zuzenketa asko trantsakzionatu edo bateratu egin dira.

Herrigaia ponentziak Sortuko kidegoaren babes zabala jaso ondoren, abenduaren 17tik 19ra bitartean, beste bozketa garrantzitsu bat egingo da Kongresu prozesuaren baitan: Herrigaia ponentzia aberasteko militanteek aurkeztutako zatikako 119 zuzenketa bozkatuko dira. Nazio Kontseiluak gaur aurkeztu ditu guztiak, Memorian.

Parte hartzea zabala eta aberatsa ari da izaten. Abenduaren 5ean amaitu zen zatikako zuzenketak egiteko epea, eta guztira 230 aurkeztu ziren. Herrigaia ponentzia hausnarketa eta sintesi ariketa kolektibo handi gisa planteatu da hasieratik. Prozesu osoan etengabe ahalik eta kontsentsu zabalenak eskuratzeko filosofiarekin segiz, azken egunotan, egileekin adostasunetara iritsi ondoren, horietako asko trantsakzionatu edo bateratu egin dira.

Herri Batzarretan azaldutako hainbat kezka eta ekarpen aintzat hartuta, Nazio Kontseiluak ere zenbait autozuzenketa aurkeztu ditu. Horrez gain, Sortuko emakumeen batzarrean azaleratutako ekarpenak ere bere egin eta autozuzenketa modura aurkeztu ditu Nazio Kontseiluak, Herrigaia ikuspegi feminista batetik aberasteko.

Honakoa da bozketara doazen zuzenketen izaera:
Trantsakzionatutako zuzenketak: 40
Nazio Kontseiluak babestutako zuzenketak: 31
Nazio Kontseiluaren autozuzenketak: 21
Adostasunik gabeko zuzenketak: 27

Nazio Kontseiluak aurkeztutako memoria partehartu.sortu.eus webgunean kontsulta daiteke.