Aurten mende erdia beteko da 1975eko hainbat gertakaritatik, besteak beste, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, eta Franco hil zenetik. Pedro Sanchezen gobernuak Francoren heriotzaren urteurrena dela eta iragarritako 100 ekitaldiek harrabotsa eragin dute eskuin espainiar postfrankistan. Espainiar erreforma edo trantsizio gisa ezagutzen dena aldarrikatzeko ekitaldiak izango dira. Aldiz, Sortuk erreforma haren kritika egin, eta Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko baliatuko du urteurrena, Askatzera lotuak leloarekin. Irailen 27an Iruñeko Anaitasunan egingo duen ekitaldia izango da lanketaren mugarri nagusia. Ikusi hemen spota.
Izan ere, garaian ezker abertzaleak esan zuen Franco hil ostean abiatu zen trantsizioak ez zuela demokraziarik ekarriko Euskal Herrira. Trantsizio Demokratikoa deiturikoa “transakzio” bat baino ez zen izan, guztia “lotuta, eta ondo lotuta” uztea helburu zuena. Francok hautatu zuen Juan Carlos Borboikoa bere oinordeko, 36ko altxamendu faxista eta frankismoaren krimen guztiak zigorgabe gelditu ziren, eta Espainiako estatu aparatuek ez zuten demokratizazio biderik egin. Hala, trantsizio deituriko hura espainiar elite politikoen, ekonomikoen zein oligarkikoen interesen araberako fartsa izan zen.
Euskal Herriaren lurralde zatiketa betikotu nahi izan zuten, gure herriaren zapalkuntza iraunarazteko. Orduan esan genuen, autodeterminazio eskubidea aitortzea dela nazio zein klase gisa bizi ditugun zapalkuntzak gainditzeko giltza. Gaur, independentziara bidean, frankismoak ondo lotuta utzi zuen korapilo hura askatzeko aukera berri baten aurrean gaude, Euskal Herriaren nazio aitortzan jauzi bat eginez eta gure estatus politikoa berrituz.
Garaian, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak Euskal Herriak garai hartan zuen askatasun egarria ito eta aldaketarako aukera zapuzteko ahalegin etsia izan ziren. Bistan da, ez zuten lortu. Gaur askatasunetik inoiz baino gertuago dago gure herria, milaka militanteren konpromisoari esker, besteak beste. Txiki eta Otaegi herria altxarazi eta hari itxaropena eman zion belaunaldi oso baten bi ordezkari dira. Nazio bulkada paregabe bat sustatu zuen belaunaldi hark, Euskal Herriari taupada emanez, kultur sorkuntzatik, langile borroketatik, auzolanetik zein borroka politikotik.
Gaur ere ezinbestekoa da orduan ezker abertzaleak aldarrikatu zuen haustura hura, demokrazian eta eskubideetan aurrera egiteko. Eta gaur, orduan bezala, Euskal Herrian ezinbestekoa izango da herri aktibazioa eta hainbat esparruren bultzada askapen prozesuan aurrera egiteko. Sortuk bere ekarpena egingo du norabide horretan, 1975eko gertakari haien urteurrenari tiraka, irailaren 27an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egingo duen nazio ekitaldiaren bidez. Ezkerreko eta abertzale guztiei dei egiten diegu data gorde eta bertaratzera.